Angels Barcelo Urrezko Danborra izateko proposamenak eztabaida piztu du sare sozialetan
Donostia Turismoko kontseiluak Angels Barcelo kazetaria proposatu du 2017ko Urrezko Danborra izateko. Donostiako Udalak proposamena berretsi beharko du bihar, asteazkena, egingo den ez-ohiko udalbatzan.
Atzo arratsaldean bildu zen Donostia Turismoko kontseilua, erabaki bat hartzeko, eta proposamena sare sozialetan zabaldu ahala, eztabaida piztu zen #urrezkodanborra eta #tambordeoro2017 traola erabilita. Askok ez dute ulertu zergatik saritu nahi duten kazetari katalana, ez baitute uste Donostiarekin harremanik duenik. Nahiz eta Richard Oribe eta Maialen Chourraut kirolariak aipatzen ziren hautagai gogokoenen artean, azkenean Barcelo proposatu du Donostia Turismok.
1983an hasi zuen bere ibilbide profesionala Catalunya Radioko informazio zerbitzuetan. Hainbat komunikabidetan lan egin du (Telecinco, Cuatro, Canal +). SER irratiko A vivir que son dos días eta Hora 25 saioen zuzendari eta aurkezle izan da. Bertatik jarraitu izan ditu Euskadiko aktualitatea, bereziki ETAren amaieraren eta bere ondorioak aztertu ditu.
Donostiako alkate Eneko Goiak esan du, proposamena Turismoko sozietatearen gizarte eragile batek egin duela, eta oinarria segidakoa izan dela: gure hirian bi une berezietan izan duen presentzia – ETAk indarkeriari behin betiko uko egitea erabaki zuen egunean Donostiatik egindako saioa eta bost urte ondoren saioa errepikatu izana –, eta era berean, lanean egon den tokietan hiriarekiko erakutsitako “konpromisoa, babesa eta maitasuna” egindako saio zein kolaborazioetan.
Urrezko Danborra jaso dutenen zerrenda.