Inoizko danborradarik jendetsuena izango da aurtengoa
18.000 lagun inguruk hartuko dute parte festan I Euskal Billera elkartearen haur danborradak 90 urte beteko ditu
Donostiako auzoetan egun hauetan entzuten diren danbor hotsek iragartzen dute: hemen dago 2017ko San Sebastian eguna. Udalak aurkeztu legez, inoizko danborradarik jendetsuena izango da aurtengoa. Orotara, 141 danborrada irtengo dira kalera urtarrilaren 20ko festan, ia 18.000 lagun inguru, eta zazpi berrik hartuko dute parte: Santa Teresa ikastetxea, Ur Ttantta, Summa Aldapetako Guraso Elkartea, Hotel Londres, Gipuzkoako Ingeniarien Elkargoa, Eiztari Etxea eta La Vaca. “Datu horrek argi eta garbi adierazten du donostiarrok nola eta noraino sentitzen dugun jai hau”, azpimarratu du Donostiako alkate Eneko Goiak.
Urteurrenen festa izango da aurtengoa. Batetik, Euskal Billeraren haur danborradak 90 urte beteko ditu. 1927an, irten ziren lehen aldiz Donostiako kaleetan, eta hura izan zen egungo haur danborradaren abiapuntua. Hori dela eta, 2017an, 90 urte beranduago, omenaldi xumea egingo diote San Sebastian egunean. Hala, jaiari hasiera emateko ekitaldietan parte hartuko du elkarteak, eta azken egunean ikurrina jaitsiko du festari amaiera emateko. Bestetik, Donostiako Udalak egoitza aldatu zuenetik 70 urte beteko ditu, Konstituzio plazatik (egun liburutegiko egoitza) Alderdi Ederrera.
Egun gutxiren buruan hasiko da hiriko jairik handiena. Danborradak azken entseguekin ari dira, guztia bikain atera dadin. Ordulariak gaueko 00:00ak direla ipintzen duenean lehertuko da festa auzo guztietan. Erdialdean entzungo dira gehien danbor, upel eta edarrak. Izan ere, bertan bilduko da danborrada kopururik handiena, guztira 30 (5 berri daude). Bigarren eta hirugarren lekuan, Gros eta Parte Zaharra daude, bakoitza 23na danborradarekin. Antiguan 22 danborrada irtengo dira kalera (aurten bi berri izango dituzte). Altzan eta Intxaurrondon, 18 aterako dira, Amara eta Loiolako Erriberan 15 danborrada, eta Egia, Loiola eta Martutene inguruan 9.
Festak parekidetasunaren bidean doaz, poliki-poliki bada ere. 2017an, 17.336 lagun irtengo dira kalera, iaz baino 1.000 lagun gehiago; horietatik 10.337 gizonak dira, eta 7.029 emakume. Hala, 141 danborradatik 130 dira mistoak, 9 gizonenak eta 1 emakumeena.
2017an, modu tradizionalera buelta
Azken bi urteak bereziak izan dira Donostian. 2015ean, Easo Abesbatzaren urteurrena izan zen eta banderaren igoeran eta jaitsieran parte hartu zuten. 2016an, Kultur hiriburutzarekin, ekitaldi berezia antolatu zuten, ordukoan, Donostiako Orfeoiak eta Errenteriako Musika Bandak igo ziren Konstituzio plazako oholtza gainera. “Aurtengoan modu tradizionalera itzuliko gara”, azaldu du Gaztelubideko danbor nagusi Jose Ramon Mendizabalek. Elkarteko abesbatzak eta Kresalako dantzariek girotuko dute jaiaren hasiera. “Jendeari gurekin abestera dei egiten diogu”. Alkateak azaldu legez, egun horretan Vasco de Camping Mendi Elkarteak igoko du ikurrina, 2016an parte hartu duten boluntarioei omenaldia eginez.
Jaiari amaiera emateko, berriz, Union Artesanako kideak igoko dira oholtzara. Aurtengoan abesti berezi bat prestatu dute herritar guztiekin batera abesteko. Ildo berean, elkarteko kide Aitor Oiarzabalek gogorarazi du Zaporeak egitasmoarekin elkarlanean antolatu duten ekimena. “Danborrari bakoitzari euro bana eskaintzeko dei egin diogu, Kios uhartean dauden errefuxiatuei eta migratzaileei jaten emateko”. Lehengo aldiz igoko da Oiarzabal oholtzara Danbor Nagusi karguan. “Egun horretan donostiar guztiekin zaude, eta haiek zurekin batera daude; ilusioa dut”. Atzera kontaketa hasi da.