Mendizabalen biktima: "Ez nekien zer izango zen zabor hau barruan hainbeste urtez eramatea"
Aste honetan jakin dugu berria. Gipuzkoako bikario nagusi ohi Juan Kruz Mendizabalek sexu abusuak egin zizkien hiru adingaberi; laugarren salaketa bat ikertzen ari dira. Gertakari horietako baten berri eman du gaur Berriak.
1994an izan zen, Burgin (Nafarroa), kanpamentu handi batean. Biktimak 13 urte zituen sexu abusua jasan zuenean. “Halako batean, esnatu, eta bihotza geratu egiten zitzaidala sumatu nuen”, kontatu dio Berriari. “Esku bat nabaritu nuen lo-zaku barruan, zakila eta barrabilak ukitzen zizkidala. Ezin nuen sinetsi. Norbait arnasestuka sentitu nuen denda barruan, beste eskuarekin masturbatzen zen bitartean. Berehala jakin nuen bera zela. Jakin nuen, besterik gabe, aurpegira begiratu behar izan gabe. Duda izpirik gabe jakin nuen. Bat-batean”.
Urte hauetan guztietan zehar gertakaria barrenean eraman behar izan duela dio. “Urteak pasatu eta inork ez dit lagundu bidean, dena nik egin behar izan dut: gertatutakoari forma eman, izen-abizenak jarri. Baina ez nekien zer izango zen zabor hau barruan hainbeste urtez eramatea. Ez zen bortizkeria fisikorik egon; ez ninduen lotu; ez ninduen behartu. Baina egin zuena egin zuen ni adingabea nintzelako, ume bat, aprobetxaturik bakarrik nengoela, aprobetxaturik konfiantza nuela berarekin, maltzurkeriaz, aldez aurretik prestatuta inor gure ondoan egon ez zedin. Eta zuzenean horra jo zuen. Zuzenean. Horrek izen bat du: sexu abusua adingabe bati. Eta abizena: Elizako kide batek egina”. Albiste osoa Berrian dago irakurgai.
Donostiako Elizbarrutiko gotzain Jose Ignacio Munillak dio oraindik kasu gehiago izan daitezkela, eta horiek “azaleratu” egin behar dira. “Egia ona da guztiontzat”. Mendizabalen aurkako neurri gehiago hartu ditu azken kasuaren ostean, Berriak biltzen duenez.