"Niri gertatu zait, baina beste edozein izan zitekeen"
2014ko martxoaren 3an ‘Global Forum Spain’ izenpean Troikako ordezkariak bildu ziren Bilbon. Zenbait istilu izan ziren, eta horietan parte hartzea leporatzen diote Jon Estradari (Antigua, 1994).
«Ukabilkadek eta borren kolpeek hainbat ubeldura utzi zizkidaten»Noiz atzeman zintuzten? Ez nuen Bilbo ezagutzen, eta ibai ertzetik joan nintzen; ez nuen istilurik ikusi, polizia dezente besterik ez. Lagunak aurkitu nituenerako 12:00ak inguru ziren.Lagun baten etxera joan behar ginen bazkaltzera 14:30erako, eta bitartean, Deustuan ibili ginen denbora pasa. Ondoren, 14:00ak aldera lagunaren etxerantz gindoazela Bilboko Lehendakari Agirre kalean Ertzaintzaren bi furgoneta gure parean geratu ziren, eta barruan zeuden ertzain guztiak atera ziren; hamabi inguru. Gainera etorri zitzaizkidan eta borrarekin jo eta ukabilkadak eman zizkidaten. Lurrean nengoela ertzain baten burua zapaldu zidan, nire aurpegian urradurak eginez. Ukabilkadek eta borraren golpeek hainbat ubeldura utzi zizkidaten aurpegian eta gorputzean. Furgonetan sartu eta polizia etxera eraman ninduten. Ziegan egon nintzen hurrengo egunera arte. Nik ez nekien zergatik nengoen han. Hurrengo egunean beste gazteekin jarri ninduten, eta haietako batzuk nire egoeran zeuden. Noiz jakin zenuen zergatia? Hurrengo egunean atera nindutenean esan zidaten goizeko 10:30etako manifestazioan gertatutako istiluengatik, hau da, besteak beste, erakusleihoak eta hirigarriak hausteagatik, eta atxiloketa unean erresistentzia egiteagatik eraman nindutela. Zein akusazio egin dituzte zure aurka? Autoritatearen aurka egitea, desobedientzia, erresistentzia, kalteak eragitea eta desordena publikoa. Fiskalak lau urteko kartzela eta 200.000 euro eskatzen dizkit, multa eta ardura zibila batuta. Bilboko Udaletxeak egun hartan izan zituen galera material guztiak sartzen dizkidate, besteak beste, ertzainen traje hautsiak, hiru ertzainen baja eta furgoneta bat. Baina ni ez nintzen goizeko manifestazioan egon, eta atxilotu nindutenean hiru ertzain bota zitzaizkidan gainera, eta ez nuen ezer egin! Nola eragin dizu horrek guztiak egunerokoan? Ezin izan dut Erasmus programan parte hartu, ezin dut nire bizitza denbora erdira antolatu, estigma soziala nabari da, gurasoekin harremana ere aldatu da eta ezin ahaztu epaiketak nigan sortu duen urduritasuna. Gainera, berez azaroaren 24an nuen epaiketa, baina arrazoi juridiko transzendentalengatik bertan behera geratu zen. Hori epaituontzat kolpe gogorra izan zen, denbora asko daramagu prozesu hau bukatzeko zain.
«Gertatutakoa salatu nahi dut, bertan egon zirenei zilegitasunik kendu gabe»Noiz duzu epaiketako hurrengo data? Urtarrilaren 27an egingo da epaiketa. Ez zara epaituko duten bakarra. Hiru gaude epaiketa honetan:? Judimendiko gazte bat, Mexikotik bigarren aldiz etorri behar izan duena epaiketengatik; LABeko 40 urtetik gorako langile bat; eta ni neu. Egozten diguten istilua berdina da, baina ez dugu elkar ezagutzen. Atzera begira jarrita, zein ondorio atera dituzu? Egun hartako istiluetan ez zutenez inor atxilotu, errua ordainduko zuen norbait behar zutela uste dut, gaueko teleberrirako, besterik ez. Dena den, pentsatu nahi dut, goizean gertatutako istiluetako norbaitekin nahastu nindutela. Uste dut honek erakusten duela kapitalaren inguruan bildutako botere ekonomikoa; Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako botere judiziala; eta baita indar polizialak ere, denak elkarri lotuak daude interes berdinen inguruan. Nire aurkako erasoa, beraz, ni bertan egon ez nintzen arren, gazteria osoaren aurkako eraso bat bezala ulertzen dut; Troikari ezezkoa eman zion gazteriaren jarrera kriminalizatzeko estrategia errepresiboaren barnean. Niri pasa zait, baina posible da edozein gazteri pasatzea.