Ttan Ttakun irratiak hastapenetako formatuari eutsi dio aurtengo festa antolatzeko
Ttan Ttakun irratiaren urteko egunik handiena, Donostiako festen egutegian gorriz margoturiko hitzordua, hain zuzen ere. Urtero legez, irratiak bere festa antolatau du bihar, eta gonbidatu guztiak dantzan jarriko ditu, gaueko hamaiketatik goizeko seirak arte.
Musikaz beteko da Gazteszena. Aurtengoan, gainera, eskualdeko taldeak igoko dira oholtzara, besteak beste Discipulos de Dionisos, Inoren Ero Ni, Lie Detectors eta Zozo. Era horretan, hastapenetako formatua berreskuratu nahi izan dute, biharko hitzordua arrakastatsua izan dadin. Halaxe azaldu du Ttan Ttakun irratiko kide Asier Mendizabal Nokono-k: «Hasierako urteetan arrakasta handia izan zuen festak. Azkenaldian, ordea, ikusi genuen ez zela hastapenetako arrakasta hura errepikatzen, eta iaz kanpotik ekarritako talde ezagunagoekin osatu genuen egitaraua; baina, antza, ez genuen asmatu, jende gutxiago etorri baitzen. Horregatik, aurtengo egitarauarekin festari hasierako indarra eman nahi diogu».
Musikaz blai, irratiaren alde
Bi gune izango ditu festak biharko hitzorduan, Nokonok Irutxuloko Hitzari azaldu legez. Batetik, areto nagusian, Lie Detectors, Inoren ero Ni eta Zozok eskainiko dute zuzenekoa. Ondoren, Disco Bambinos DJak arituko dira goizeko seirak arte. Bestetik, areto txikian, Pelax eta Telmo Trenor arituko dira eta ondoren DJak ariko dira: Noisean Behin, Bazterrik bazter, Zuhaitz eta Erresistentzia.
Musika izango du ardatz biharko festak. Baina bestelako ekitaldiak ere izango dira, esaterako, Ttan Ttakun irratiak urtero Gazteszenatik egiten duen zuzeneko irratsaioa. Hala, bertaratzerik ez duenak festa etxetik jarraitzeko aukera izango du.
Sarrerak 5 euro balio du. «Ttan Ttakun irratiari bultzada emateko festa izango da larunbatekoa». Horregatik, irratiari behar bezalako babesa emateko aukera paregabea izango dute bertaratzen diren lagunek. Gazteszenan, egunean bertan eskuratu behar dira.
Iritsi da