Asteazkenerako dago aurreikusia Patxi Zubiaurreren etxegabetzea; 9:00etan Baleazaleen kalearen 2. zenbakian elkartzeko deia egin du Kaleratzeak Stop taldeak.
Patxi Zubiaurreren etxebizitzaren atarian egin dute prentsaurrekoa. (Argazkia: Lide Ferreira)
Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformak prentsaurrekoa egin du gaur goizean,
Amarako 84 urteko Patxi Zubiaurreren egoera salatzeko. Izan ere,
Abacredit mailegu emaileak bizilaguna etxegabetu nahi du asteazkenean, hilaren 18an, 9:30ean. “Hilabete baino gehiago daramagu bankuaren atzetik, gure proposamena onar dezan, baina oraindik ez dugu lortu. Gure eskaera da Patxi, 84 urteko alarguna, bere etxebizitzan geratzea, hil arte 200 euroko alokairua ordainduta, bere pentsioaren (719 euro) %30a”, azaldu du Kaleratzeak Stop taldeak.
Eskaera ez onartzeaz gain, mailegu emaileek “ultimatum bat” egin diotela Patxiri esan dute, “baldintza gogorrak eskatuz”: “
Alokairua 400 eurotara igo eta beste berme edo abal bat eskatu. Gainera, kaleratzea bermatzeko Ertzaintzaren parte hartzea eskatu dute auzitegian. Azken finean, jende askoren egoera prekario eta itogarriak baliatuz, ulertzen ez dituzten kontratuak sinarazten dizkiete eta egoera are okerragoan amaitzen dute: etxebizitza gabe, balioaren erdiagatik salduta eta kale gorrian. Patxiren kasuan, %19,50eko interesak ordaindu behar izan ditu mailegua lortzeko”.
Horregatik,
Baleazaleen kalearen 2. zenbakia ehundaka hiritar, ordezkari politiko, sindikal eta zibilekin betetzeko deia egin dute, “Patxirekiko elkartasuna eta mafia legal honen aurrean haserrea adierazi dezagun”. Hala,
asteazkenean, 9:00etan, elkartuko dira, “Amarakoa etxerik gabe ez geratzeko”, egun horretarako baitago aurreikusia Zubiaurreren etxegabetzea.