Txillardegiri igandean egindako omenaldiaren irudi bat.
Txillardegi gogoan edo
Txillardegi Liburutegia herri ekimenak antolatuta, omenaldia egin zuten atzo, Parte Zaharrean. Omenaldia Lasala plazan hasi zen, han bizi baitzen Txillardegi azken urteotan, hainbeste maite zuen lehoi historikoaren aurrean.
Herri ekimenaren izenean, Dani Goñik gogoratu zuen orain dela lau bat urte
Donostiako Udalari Liburutegi Nagusiari Txillardegi izena emateko proposamena egin ziotela hainbat idazlek. Une hartan, proposamen hark ez zuen aurrera egin, baina orain berriz aurrera egiteko aukera berria badagoela, eta azkenaldion proposamenarekin bat egin duten hainbat pertsonaren zerrenda luze bat irakurri zuen.
Ondoren, gazte boskote batek interpretatutako kantak eta Txillardegiren zenbait testuren irakurketak tartekatu zituzten. Interpretatutako kantak honako hauek izan ziren:
Izarren hautsa, Jaioterriko koplak eta
Euskal Herrian euskaraz. Testuak, berriz, Dorleta Urretabizkaiak eta Fito Rodriguezek irakurri zituzten,
Haizeaz bestaldetik ateratako pasate bat eta
Lingua navarrorum, hurrenez hurren.
Lehoiaren azpian lore-eskaintza egin ondoren, bertaratutakoak Alderdi Ederrera joan ziren, Liburutegi Nagusiaren sarrerara. Txillardegiren bi bilobek karteltxo bat jarri zuten, herri ekimen honen aldarrikapenaren adierazle. Bukatzeko, hiru pieza kantatu zituzten,
Aberriaren mugak, Zazpiak oihal batetik eta
Martxa baten lehen notak.
Txillardegiren 5. urtemugaren beroan antolatu dituzten ekitaldiak ez dira bukatu. Asteazkenean, hilaren 18an, 15:30ean, Filosofia Fakultatean, existentzialismoaren inguruko mintegi irekia eskainiko diote Txillardegiri.