Mikel Laboa bertsolari gazteen sariketaren kartela.
Antiguako San Sebastian jai egitarauaren barruan antolatu ohi den
Mikel Laboa bertsolari gazteen sariketa jokatuko da hilaren 21ean, Donostiako Kafe antzokian. Antiguako jai batzordeak eta Dokak antolatzen dute elkarlanean; aurtengoa seigarren ekitaldia izango da. Aurten, larunbat arratsaldez jokatuko da lehen aldiz, 18:30ean.
Sei bertsolari ariko dira, Euskal Herriko hainbat herritatik etorriak:
Sarai Robles (Barañain), Andoni Mujika (Hernani), Kerman Diaz (Urruña), Paule Loizaga (Sopela), Txaber Altube (Abadiño) eta Nahia Sasco (Lekuine).
Egin beharreko ariketak honako hauek izango dira: 8 handian hiruna bertso, 8 txikian, hiruna bertso, 10 txikian, hiruna bertso, bi punturi erantzun eta hitzari bertso bat. Puntuazio onena duten bi bertsolariek buruz burukoa jokatuko dute. Sei puntuko motzean hiruna bertso egin beharko dituzte, puntutan sei bertso osatu arte, eta hiru bertso, nahi duten doinu eta neurrian.