Alkateak Sara Majarenas Donostiara hurbiltzeko eskatuko du
“Horrelako egoera larri baten aurrean, gizalegez da horrela jokatzea”, adierazi du Donostiako alkate Eneko Goiak. Gaur goizean egin den elkarretaratzearen harira azaldu duenez, Espainiako Espetxe Erakundera idatzi bat bidaliko du haurra Donostiara etortzen denean Sara Majarenas ama ere Donostiara hurbiltzeko eskatuz.
Atzo goizean ezagutu zen albistea. Asteburuan, aitak bi labankadaz zauritu zuen 2 urteko haurra, eta ondorioz larri dago. Donostiako Udalak albistea jakin zuenean, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin jarri zen harremanetan. “Adin txikiko haur bat dago tartean, eta gaiaren gainean jartzeko eskatu nion Aldundiari”, esan du Goiak. Eta halaxe egon zuten. “Ni neu Sararen ahizparekin harremanetan jarri nintzen egoeraren berri izateko, eta ahal den neurrian laguntza eskatzeko”. Osatzen, denean aitona-amonekin geratuko da haurra.
Gaur goizean egin dute elkarretaratzea Alderdi Ederreko lorategian asteburuko gertakariak gaitzesteko. Hitzorduan Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek bat egin dute.
Emakumeen Mundu Martxak ere Majarenas eta haren alabaren kontrako erasoaren aurkako protestetan parte hartzera deitu du, bihar arratsaldeko 19:30ean Bulebarrean.