Eneko Goia: "Argi dut 84 urteko bizilagun bat ez dela kalean geratuko"
Azken unera arte negoziatzen egongo dira Patxi Zubiaurreren (84 urte) kaleratzea ekiditeko. “Argi dut adin horretako pertsona batek ezin duela kalean bukatu, gertatzen dena gertatzen dela”, azpimarratu du Eneko Goia alkateak. Horregatik, Udaletxea bere esku dagoen guztia egiten ari dela nabarmendu du, eta bitartekari lanak egiten ari direla adierazi du, arazoari irtenbidea bilatzeko. “Orain arte banketxeekin negoziatu izan dugu, baina kasu hau ezberdina da mailegu emaile batekin delako”, azaldu du. Dena den, garbi mintzatu da: “Espero dut irtenbide izatea etxetik ez kaleratzea, bestela Gizarte Zerbitzuek alternatiba bat bilatu beharko dute, baina ez dut egoera horretara iritsi nahi”.