Ikasbide ikastolako hainbat guraso, ikasle ohi eta langile omendu dituzte gaur. (Argazkia: Malen Aldalur)
San Sebastian bezpera berezia ospatu dute Ikasbide ikastolan. 50 urte dira sortu zutenetik, eta ikastolaren sortzaile, irakasle, ikasle eta gurasoak omendu dituzte.
Eneko Goia alkateak parte hartuko du ekitaldian, Ikasbideko ikasle izan baitzen. Donostiako Udalean zinegotzi diren bi ama ere izan dira bertan; Aitziber San Roman eta Naiara Sampedro. Bestalde, Arrate Oianguren Hezkuntzako ikuskaria eta Alicia Amatriain dantzaria eta ikasle ohia ere egon dira. Omendutako pertsonei oroigarria eman diete, eta ikasle ohiek agurra dantzatu dute.
1967. urtean sortu zen Ikasbide, Amara Berriko guraso eta irakasle talde baten ekimenez. Geroztik, ikastolaren ibilbidea mugitua izan da, eskolak emateko hainbat tokitatik pasa baitira. Lehen urteetan, Baleazaleen kaleko pisu batean; ondoren, Isabel II.aren kaleko lokal batzuetan. 1979. urtean, Lehen Hezkuntzakoak Txuri Urdineko lokaletara pasa ziren; eta taldeak gehitu zirenean, gela aurreprefabrikatuetan ere ematen ziren klaseak.
Ondoren, udalak Amezketa plazako eraikina utzi zien. Gero, Zorroaga gaineko Gurutze Gorriaren eraikinean egon ziren. Eta azkenik, 2011. urtean urte luzez aldarrikatutako behin betiko egoitza estreinatu zuten, Loiolako Erriberan.