Hiritar Merezimenduaren Dominak San Sebastian Egunean banatuko dituzte aurten, ez bezperan; ez baita emango Urrezko Danborrik. Bost izango dira dominadunak, eta badute zer kontatu.
Javier Hernaez; Altzako parrokoa.
(Argazkia: Estitxu Zabala)
Altza eta Larratxoko parrokoa izaten 37 urte daramatza Javier Hernaezek (Pasai Antxo, 1954). Jendea laguntzea du bere eguneroko zereginik handiena, eta ezaguna da Altza osoan. Ingurukoak, noski, asko poztu dira domina jasoko duela jakitean, eta bere esanetan, jendearentzat izango da saria. Omenaldi xumea baina hunkigarria egin zioten atzo arratsaldean, Altza Herri Ikastetxean.
Noiz egin zinen apaiz?
Pasai Antxokoa naiz eta 1970 urtearen bueltan Iruñera joan nintzen bizitzera. Txabola batzuk bota zituzten, eta aurrez fabrikatutako etxebizitza batzuetan bizi ziren lagun batzuk nituen han. Ijituekin lanean ari nintzen hemen, eta hara joan nintzen laguntzera. Horrela, hasieratik miseria handia ikusi nuen, eta existentzialismoaren krisian erori nintzen; zerbait behar nuen, eta 20 urte nituela apaiztegian sartu nintzen.
Bi urte egin nituen Iruñeko apaiztegian, eta, gero, Donostiakora etorri nintzen. Hori bai, sekula ez naiz seminarioan bizitu, horretarako baimena eman baitzidaten. Etxebizitza batean bizitu nintzen, lagun taldean, eta erabaki genuen espetxetik ateratako jendea hartzea. Horrela hiru urte egin nituen.
Altzako parroko gisa urte asko daramatzazu!
Bai. Apaiz egin nintzen, Altzako San Martzial parrokian, 1979an. Urte hartatik 1984era Altzan egon nintzen; ordutik orain arte, Larratxon nago. Kontua da, 2008tik Altzako lau parrokietako parrokoa naizela.
Parroko izateaz gain, beste lan asko egiten dituzu inguruan. Nola antolatzen zara?
Bereziki gizarte lana egiten dut, eta asko entzuten saiatzen naiz, aurreiritzirik ez egiten, eta laguntzen. Pertsonei ez ezik, lagundu diet elkarte, talde eta erakundeei ere. Horrela, parte hartu dut langabeen elkartean, bizilagunen elkartean, Caritasen, elikagaiak banatzen ditut momentu jakinetan, Kaleratzeak Stop taldean parte hartzen dut… eta horretaz gain, nire parroko lanari dagokiona dago. Egunerokoan jende askok deitzen dit, eta esango nuke ez dudala bulegorik, nire bulegoa kalea da. Gainera, lau parrokiaren ardura izatean, leku askotara mugitu beharra dut.
Presondegiko zerbitzuekin kolaboratzen dut, gizarte lanak egiteko jendea onartzeko. Ez dut uste bide onena denik, bizilagunak baino parrokiak jasotzen dituelako onurak, baina ez dago egiteko beste modurik. Saiatu izan naiz zabaldu eta auzora zabaltzen, baina lege arazo asko daude horretarako. Edonola, parrokiaren inguruko plazan lan egin dugu, eta frontoia ere margotu dugu.
Guztira, 37 urte daramatzazu Altzan. Aldaketa ugari ezagutuko zenituen, zer nabarmenduko zenuke?
Oraindik ere langabezia handia dago, egoera larrian daude asko, eta hilabete bukaerara iristeko arazoak dituen jendea dago. Asko aldatu da droga menpekotasunaren kontua; 1980ko hamarkadan, oso gogorra zen gazte asko xiringekin topatzea. Hori orain ez da ikusten.
Udalean gehien egon den alderdia PSE-EE izan da, baina gehiago ere igaro dira, eta auzoarengatik ezer gutxi egin dute. Adibidez, eskailera mekanikoak eta igogailuak jarri dituzten arren, oraindik irismen arazoak ditugu. Larratxoko parrokiara joateko, duela urte asko, guk sortu behar izan genuen gure malda, udalak ez zigulako egiten. Gainera, Altza etxebizitzez josita dago, eta oraindik etxeak egiten jarraitzen dute.
Auzoan denek ezagutzen zaituzte, sinestunak eta ez direnek ere bai.
Bai, nire ustez eliza bat ez da lokal bat, jende talde bat da, jarrera bat. Eliza batean, garrantzitsuena sekula ez da erlijioa, pertsonen duintasuna baizik. Salbatzen duena ez da erlijioa, Jesus da, bere gizatasunetik.
Badago sinestuna ez den jende asko, baina nik aukera dudan guztia errazten diet. Ordutegiekin oso malgua naiz, eta behar duten lekura joaten naiz, besteen bizitzak errazten saiatzen naiz.
Nola jakin zenuen domina jasoko zenuela?
Medikuaren kontsultan nengoen, eta albistea jasotzean harrituta geratu nintzen. Gero, alkatetzatik deitu zidaten eta beste dei asko jaso ditut. Ingurukoak asko poztu dira, eta batek esan zidan: «Zuri eman dizute, eta niri eman balidate bezala da. Oso pozik nago!». Erretiratuen etxekoei esan nien domina jasotzean hara eramango nuela, nahi duenak jar dezan. Ez baita zerbait nirea, jendearena da. Zoriontzeko deitu didatenen artean, gehien harritu nauen deia izan da Ecuadorren dagoen nire lagun batena.
Erabaki duzu nori eskainiko diozun?
Bai, oso argi daukat! Pentsatu dut eskaintzea egunero besteengatik sentsibilitatea agertzen duten pertsonei, eta egoera larrian egonda ere euren seme-alaba edo bilobek jatea posible egiten dutenak. Pertsona eredugarriak dira.
Nola biziko duzu San Sebastian Eguna?
Duela urte askotatik, Larratxoko elkarte batean afaltzeko ohitura dut, lagun batzuekin, eta bertako danborrada ikusten dugu. Gainera, aurten, nire arreba ere etorriko da.