Mirakruz 19 eraikina, hesituta. (Argazkia: Malen Aldalur)
Groseko eraikin zaharraren azken egunak dira. Eraikuntza enpresa jada hasi da segurtasun hesiak jartzen, eraiste lanei ekiteko. SOS Mirakruz plataformak kontzentrazioa egingo du asteartean.
Hotelak egiteko, luxuzko etxebizitzak egiteko… Donostiako eraikin zahar eta ezagun asko desagertzen ari dira azken boladan: Gipuzkoa plazan, Lasala plazan, Prim kalean… Ancora hiriko ondarearen babesaren aldeko elkarteak kasu horiek guztiak jasotzen ari da bere Facebook orrialdean.
Grosen Mirakruz 19 eraikinaren inguruan piztu zen iaz polemika handiena. Udaberrian zabaldu zen eraikina desagertuko zen zurrumurrua. Hainbat bizilagunen mobilizazioak piztu zituen, baina azken egunotako mugimenduen arabera, Mirakruz 19ren azken egunak dira.
SOS Mirakruz plataformak hilabeteak daramatza eraikina mantentzeko borrokan. Grosen Mirakruz 19 eraikinaren kasua aztertu duen beste talde bat ere badago: Groseko Etxebizitzaren aldeko taldea. Hasieratik salatu dute espekulazioaren eta gentrifikazio prozesuaren aldeko beste pauso bat izan dela hau: «Ia 2.000 etxebizitza huts daude. Pisu pila bat daude hutsik, oporretan etortzen direnentzat. Eta hori espekulazioaren beste ariketa bat da. etxebizitzaren prezioa igo dela. Langileek ez dute prezio hori ordaintzeko gaitasuna, eta gehienek alde egin behar izan dute», adierazi zuen Aratz Estonbak, taldeko kideak.
Andoni Lamarka Sos Mirakruz 19ko kideak esan du joan den apiriletik aritu direla lanean:?«Guretzat pentsaezina zen eraikin hau babestutako eraikinen zerrendan ez egotea. Ustekabean harrapatu gintuen». Berehala lanean hasi ziren:?«Hirigintza zinegotziarekin, alkatearekin, Eusko Jaurlaritzarekin, Aldundiarekin… Ordezkari askorekin elkartu gara. Bilera asko izan ditugu». Bide honetatik ezin zutela ezer lortu ohartu ziren, eta bide judizialetik egitea erabaki zuen.
Behin behinean lortu zuten eraistea gelditzea, baina euren kargu hartu behar zuten 1.408.083 euroko kalteordaina, eraikuntza enpresarentzako. Plataformak ezin izan du gastu hori asumitu, eta azkenean udalak eraikina botatzen hasteko baimena eman du.
SOS Mirakruzek iragarri du astelehenean prentsaurrekoa emango duela, eta asteartean kontzentrazioa egingo duela, eraikinaren aurrean, 19:30ean. Protestan parte hartzeko deia egin du, eta azaldu du kultur munduko jende ezaguna elkartuko dela, eraikin zaharra babesteko aldarrikapenarekin bat egitera.