Mirakruz 19 eraikina eraistearen aurka azaldu dira Donostiako hainbat norbanako eta elkarte.
Mirakruz 19 eraikina “berebiziko arriskuan” dagoela azaldu du SOS Mirakruz plataformak. Izan ere, astelehenean udalak eraikina botatzeko baimena eman zion eraikitze enpresari. Plataformak salatu du udalak “ausarkeriarekin eta burugabekeriarekin” jokatu duela, epaileak oraindik ez duelako erabakirik eman prozesu judizialean dauden bi demanden inguruan.
Hori dela eta, Mirakruz 19 eraikina dagoen lekuan eraiki nahi duten etxebizitzaren eraikuntza berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu du udaleko hirigintza sailean. Plataformak azaldu du lursailen Plan Orokorrak esaten duenaren kontra doala etxebizitzaren eraikuntza: “Etxebizitzak eraikitzeko baimena ematen dio, gehiena merkataritzarako izan beharko lukeenean”.
Bestalde, gogorarazi dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzaren ondare sailak bere balioa aitortu ziola Mirakruz 19 eraikinari orain dela hiru hilabete inguru.
“Haserretuta, suminduta eta sututa” daudela azaldu dute: “Paradoxa galanta da eraikinaren suntsiketa Donostiako egunik handienaren inguruan izatea. Hiria pairatzen ari denaren metafora maltzur bat, beharbada?”.
Plataformak, eraikinaren eraisketa gelditzeko eskatu eta benetako elkarrizketa egiteko deia egin dio, beste behin, udalari.
Hori dela eta, asteartean 19:30etan Mirakruz 19 eraikinaren aurrean egingo duten elkarretaratzera joateko deia egin dute.
Azkenik, Donostiako hainbat elkarte eta zenbait aurpegi ezagun eraikina eraistearen aurka azaldu diela esan dute:
Ancora elkartea
Uliako Mintegiak
Catalina de Erauso kultur elkartea
Diego Vasallo, abeslaria
Luis Chillida
Mikel Ubillos, ‘Una mirada a Gros y Ulia (1900-1950)’ liburuaren egilea
Iñigo Lamarka, Ararteko ohia
Jose Mari Unsain, Ontzi Museoko zuzendaritzako kidea eta historiagilea
Jose Mari Goenaga, zinema zuzendaria
Juan de la Riva, Unescoko Espainiako enbaxadore ohia
Montserrat Fornells,arte historiagile katedraduna
Mikel Alonso Arana, arkitektoa
Harkaitz Cano, idazlea
Ibon Sarasola, hizkuntzalaria
Juantxo Egaña, argazkilaria eta erakusketa komisarioa
Felix Maraña, kazetaria eta idazlea
Javier Mina, idazlea
Javier Balda, artista
Jesus Maria Cornan, artista
Marta Casares, Nerea argitaletxea
Roskow, artista
Koldo Telleria, arkitektoa
Alvaro Machimbarrena, artista
Xabi Martiarena, zaharberritzailea