Satorralaia mugimenduak Arartekoaren aurrean salatu du erakundeek metroaren aferan duten jarrera
Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak metroaren aferan izan duten jarrera salatzeko kexa aurkeztu du Satorralaia mugimenduak Arartekoaren aurrean.
Hiriarentzat “berebiziko garrantzia” duen auzi batean parte hartzen ez uztea egozten diote erakunde publikoei: “Administrazioak afera honetan izandako jarduera aztertzeko eskatzen diogu Arartekoari”.
Besteak beste, honako gertaerak aipatu dizkiote Arartekoari: Eusko Jaurlaritzari dagokionean, prozesu parte hartzailea abian jartzeko eskaerari ez diola erantzun salatu dute. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundian 8.916 sinadura aurkeztu zituztela azaldu dute egitasmo horren finantziazioan esku hartzea eskatuz; ondoren, Satorralaiak azaroaren 9an berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu zuen Diputatuen Kontseiluak harturiko erabakiaren aurka, baina berriro ere ezetza jaso zuten. Azkenik, Donostiako Alkateak 2016ko otsailean egin zuten bilera batean esan zien bideraezina zela herri kontsulten udal arautegiaz baliatuz metroaren pasanteari buruz herri galdeketa bat egitea, bere esanetan Udalak ez zuelako gai honetan inolako eskumenik, ezta esku hartzeko aukerarik ere.
Hori dela eta, Arartekoaren aurrean salatu dute erakunde publikoak sistematikoki parte hartzea eragozten ari direla.