"Turismo izaerako sari bat da, eta orain herriak ez du horrela sentitzen; birpentsatu beharra dago", dio Eneko Goiak

Cristina Iglesias eskulturgileak Urrezko Danborra jaso zuen 2016an. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Hainbat desadostasun tarteko, aurtengo San Sebastian egunean ez da Urrezko Danborrik banatu. Polemika sortu du gertatutako guztiak jendartean, eta aurrera begira araudia aldatzea proposatu nahi du Eneko Goia alkateak: “Gogoeta egiteko momentua da; ea zein pauso eman daitezkeen, aurtengoa ez errepikatzeko”. Alkatearen hitzetan, Donostia Turismoko sektore pribatuarekin biltzekoak dira lehenbailehen, hausnarketa egiteko.
Goiak argi du donostiarrak ez direla gustura geratu gertatutakoarekin: “Turismo izaerako sari bat da, eta orain herriak ez du horrela sentitzen; birpentsatu beharra dago”. Araudian aldaketak egitekotan, gehiengo soilaz onartu beharko lituzkete berrikuntzat udalbatzarrean.
Udalbatzarrean adostu zuten, hain zuzen, urtarrilaren 11n, aurten Urrezko Danborrik ez ematea. Horrela, alde batera utzi zuten Donostia Turismok proposatutako Angels Barcelo kazetariaren hautagaitza. Botazioan, EAJ, EH Bildu, Irabazi Donostia eta PP abstenitu egin ziren, eta PSE-EEk ez zuen botorik eman.
EH Bildu, haserre
EH Bilduk ohar bat bidali du bere iritziaren berri emanez: “Alkatea krisia estaltzen saiatzen ari da, Urrezko Danborraren araudian fokoa jarrita. Eneko Goiak krisi bat du mahai gainean, Udal Gobernuaren kudeaketa negargarria eta bi kideen arteko koordinazio falta agerian utzi dituena”.
EH Bilduren ustez, Eneko Goiak xehetasunak konpartitu behar ditu, gardentasunez, gainerako udal taldeekin: “Urrezko Danborraren kudeaketa inprobisazioz, gezurrez eta akatsez josita egon da, eta herritarrek jaso beharko ez luketen irudia jaso dute Udal Gobernuko kideen aldetik. Halakorik ez errepikatzeko, ezinbestekoa da zer gertatu den jakitea”.