Aurten, 64 urte beteko ditu Antiguako Oliyos taberna eta jatetxeak. Urteurrenaren itzalean, zaharberritze lanak egin ditu, eta itxura berriarekin hasi du urtea; beti ere, berezkoa duen izaera galdu gabe: etxeko gastronomina.
Josetxo Irurtia, Oliyos taberna eta jatetxeko burua. (Argazkia: Arkaitz Almortza Muro)
Hariak ez du etenik. Duela 64 urte piztu ziren Oliyos taberna eta jatetxeko sukaldeko suak, eta ordutik hona eltzeak eta zartagiak jo eta fuego egon dira lanean, bisitariei ahalik eta zerbitzurik hoberena eskaintzeko helburuarekin. Sei hamarraldi hauetan, Antiguako bizilagunen bilguneetako bat izan da taberna, hamaika istorioen lekuko mutua. Auzoaren bilakaera ere gertutik ikusi du tabernak, eta orain aurpegi berri batekin hasi du urtea. Izan ere, Oliyos taberna goitik behera zaharberritu eta handitu egin dute. Dena den, tinko eusten dio bere nortasunaren ikurrari: sukaldaritza tradizionalari, hain zuzen ere.
Irurtia familiak zabaldu zuen taberna, 1953an. Hostalaritzaren munduan hasi aurretik, etxeko buruak Donostiako Parte Zaharreko olio biltegi batean lan egiten zuen, eta, horregatik, bizilagunek oliyos goitizena jarri zioten. Hori dela eta, Antiguako taberna zabaldu zuenean, Oliyos izena jarri zion proiektu berriari.
Etxeko kide guztiek bat egiten zuten negozioarekin, modu batean zein bestean, beren ekarpena eginez. Duela 30-35 urtetik hona, ordea, etxeko gazteenak, hots, Josetxo Irurtiak, darama taberna eta jatetxea, arreba batekin eta emaztearekin batera (egun 8 lagun daude lanean). Hala, familia barruan lekukoa aldatu zuten arren, tinko eutsi diote garai bateko sukaldeari. “Egun, nire amonaren errezetak dasta daitezke tabernan”, nabarmendu du Josetxo Irurtiak. “Nire amak berearekin ikasi zuen kozinatzen, eta emazteak eta arrebak amaren errezetak prestatzen dituzte, besteak beste” azaldu du.
Bezeroek ongi estimatzen dute Oliyoseko sukaldea. Izan ere, menuan, euskal gastronomia tradizionaleko platerak aurki daitezke, hala nola tripakiak, muturrak, mingaina edo arrain zopa .
Oliyos jatetxeko jangela. (Argazkiak: Arkaitz Almortza Muro)
Pintxoek hamaika kolorez janzten dute tabernako barra. Irutiak azaldu bezala, estimatuen artean hegaluzea antxoarekin, gildak edo patata tortila dira. Baina, guztien artean izarra da Oliyos bola: atuna, bexamela eta “ezkutuko osagai berezi batekin”, dio irribarretsu.
Donostian oso ezaguna da taberna, baina, batez ere, Antiguan. “Oso harreman ona dugu bizilagunon artean,?guztiok ezagutzen dugu elkar; finean, herri txiki baten antzekoa da auzoa”. Tabernan zaindari bizilagun ospetsu baten argazkia dago: Mikel Laboarena, hain zuzen ere. “Egunero etortzen zen tabernara bere eguneko tragoska hartzera”.
Garai batean ere sansebastianak ospatzeko hiriko lekurik aproposenetakoa zen. Izan ere, urtarrilaren 19n taberna zabaldu eta 21a arte ez zen isten. Nostalgiaz gogoratzen ditu urte horiek Irurtiak.
Garai berriak bizi ditu orain Oliyosek. Zortzi hilabetetan obratan egon ostean, irudi berria du: ondoko lokala erosi dute eta 50 lagunentzako jatetxea jarri dute. Taberna ere goitik behera aldatu eta sukaldea handitu egin dute. Aurpegi berriaren irribarrearen dirdiraz, bezeroek betiko zapore tradizionalez gozatzeko aukera izango dute. Sukalde berrian lanean, eltzeak eta zartagiak mendeurreneran bidean jarraituko dute lanean, bezeroei sukalde tradizionaleko jakiekin bisita atsegina bermatuz.
Pintxo aukera handia dute tabernan. (Argazkia: Arkaitz Almortza Muro)