"Santa klara uhartea literatura hutsa da"
Kontxako haur galduak izeneko liburua idatzi du Seve Calleja idazleak eta irakasleak (Zamora, 1953). Donostiako Piraten abordaiarekin hasten da nerabeak eta Donostia protagonista dituen ipuina.
Gaztelaniaz idatzi duzu liburua, baina Iñaki Zubeldiaren laguntzaz euskaraz argitaratu duzu.
Bai. Zortzi urte nituela etorri nintzen Zamoratik Euskal Herrira eta irakasle bezala hasi nintzenean ikasi nuen euskaraz. Euskal giroan ibiltzen nintzen eta lagunek ere euskaraz egiten zuten. Irakurtzeko, esaterako, oso ondo moldatzen naiz, baina hitz egitea gehiago kostatzen zait, baita idaztea ere. Beraz, gaztelaniaz idatzi dut eta lagun baten itzuli dit. Elkar argitaletxearekin harremanetan jarri nintzen, bertan aritzen dira nire bi lagun min. Etxepare saria irabazi dute biek, eta Etxepare sarietara lanak euskaraz eta gaztelaniaz entregatu behar dira, izan ere, epaimahaiko kide guztiek ez dute euskaraz jakiten. Irabazi zuten bi lanak nik itzuli nituen. Ohore bat izan zen. Truke moduko bat egin dut Zubeldiarekin, berak niri liburu hau itzali dit eta nik berari beste bat itzultzen ari naiz. Gustura egiten dut, asko gustatzen zait irakurtzea.
Donostian kokatua dago ipuina.
Donostiako Aste Nagusian gertatzen da dena, Kontxako hondartzaren eta Santa Klara uhartearen artean. Lehenengo aldiz Santa Klarara joan nintzenean liluratuta geratu nintzen; Santa Klara literatura hutsa da. Txikitatik gustatzen zait Salgari ipuina eta piraten istorioak, niretzat han egotea amets baten egotea modukoa izan zen. Hiru zutabe nagusi agertzen dira ipuinean:?Uhartea, Robinson bat eta altxorra. Kasu honetan altxorra ez da urrea izango, ipuinak baizik.
Bost nerabe dira protagonistak.
Urko, Ainhoa, Malen, Denis eta Felix dira protagonista nagusiak. Felixek bullyinga jasaten du eta badago beste bat taldeko heroia dena. Bestalde, Soinu izeneko gizon bat dago; kobazulo batean bizi den eskalea da. Fikziozko pertsonaia bat da, baina badu zerbait errealetik ere; nik kobazuloetatik liburura ekarri dut.
Aste Nagusiko abordaian hasten da istorioa.
Duela hiru urte udara zati bat pasatzera etorri nintzen Donostiara eta abordaia suertatu zitzaidan; izugarria da. Hor hasten da ipuina. Protagonistak abordaiaren festa ikusten ari dira, baina ez da erraza jende artean lekua egitea. Orduan, bozgorailuetatik entzuten dute haur galduak Gurtze Gorrira eramaten dituztela. Hara joan eta galdu egin direla esatea otutzen zaie, Gurutze Gorritik abordaia ederki ikusteko. Beste haur galdu batzuk daude beraiekin, eta beraien gurasoak bila pasa ez direla eta, eurek zaintzen dituzte. Badakite abordaia eta gero jendea parrandan ibiltzen dela hondartza inguruan, eta gabarroian geratzen dira galdutako haurrak babesteko. Lo hartzen dute, eta itsasoak uhartera eramaten ditu. Beti nahasten ditut benetako kontuak eta nik sortutakoak.
Hainbat sentipen eta balio agertzen dira liburuan, tartean, adiskidetasuna, imajinazioa, beldurra.
Baita nerabeen arteko amodio harremanak ere. Protagonistetako bat Ainhoa, benetako Ainhoa bati zuzendua dago. Eskolara joaten da egunero liburua eskuan hartuta, harro. Bestalde, Felix dago, bullyinga jasaten duen mutiko bat. Gai hori ere lantzen du liburuak. Nire irakasle begirada ere presente dago.
Nori zuzendua dago liburua?
10-12 urteko umeei zuzendua dago, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen bi urteetan daudenei. Adin horretakoak dira liburuko protagonistak ere. Dena den, liburua edozeinek irakurri dezake. Pentsa, nire bi liburu gustukoenak Printze txikia eta Altxorrren uhartea dira.
Aurretik inoiz idatzi duzu Donostian kokatutako ipuinik?
Nire lehenengo ipuina 1981. urtean idatzi nuen eta paseo berrian oinarritua dago. Groseko institutuan egiten nuen lan, eta etxerako bidean beti pasatzen nintzen handik. Beraz, lehenengo ipuina eta momentuz idatzi dudan azkena, biak daude Donostian kokatuak.
Beti idatzi izan duzu haur literatura?
Haur literaturarekin hasi nintzen, baina helduentzat ere idatzi izan dut.
Euskaraz idaztera ausartu zara?
Bai, hiru liburu idatzi ditut euskaraz. Horietako bat argitaratu ere egin dut. Dena den, zailtasunak ditut. Ipuinak zuzentzen dizkidan lagun batek esaten dit azterketa bat aprobatzeko moduan idazten dudala, baina ez dudala aberastasunik. Espero dut joango naizela pixkanaka hobetzen.