Eneko Goia alkatea, gaurko agerraldian (Argazkia: Arkaitz Almortza Muro)
Abian da 2017-2019ko Diru Laguntzen Plangintza Estrategikoa. Gaur goizean aurkeztu du Tokiko Gobernu Batzordearen ostean egin duen agerraldian: “Oso tresna egokia da, Udala eta bere erakunde eta entitateek (Donostia Kirola, Musika eta Dantza Udal Eskola, Donostia Kultura eta Sustapena) ematen dituzten diru-laguntzak bideratzeko balioko du eta”, azaldu du Eneko Goia alkateak. Horiek bideratzeko, gainera,
diru-laguntzak kudeatzeko bulegoa zabaltzea proposatzen dute.
2017an, 16,5 milioi euro bideratuko dira diru-laguntzak emateko, iazkoaren antzera.
Udalak, 10.688.572,02 euro; Donostia Kulturak, 616.519,83 euro; Donostia Kirola, 1.419.650; Dantza eta Musika Eskola, 1.200.000 euro; eta Sustapena, 3.786.116,32 euro. 2018an eta 2019an, aurrekontuek ezarriko dute diru-laguntzen kopurua. “Kontuhartzailetza Orokorraren kalkuluen arabera, 50 milioi euro bideratuko ditugu diru-laguntzetara, hiru urteetan”.
Berrikuntza dakar diru-laguntzen plan estrategiko berriak. Alkateak azaldu bezala, diru-laguntzak kudeatzeko unitate orokorra sortzea proposatzen dute. Hala, administrazio lanak eta jarraipen lanak egingo lirateke, eta udal departamentuek deialdien oinarriak eta objektuak lantzeko epe luzeagoa izan dezaten.
Hauek dira plangintzak ezartzen dituen
helburu estrategikoak: elkarte-jarduera bultzatzea, hiritarren parte hartzea sustatzea, gizarteratzea eta diskriminazio eza lortzea; gizarte-lankidetza indartzea; nazioarteko lankidetza bultzatzea, ingurumenaren iraunkortasuna eta bizi-kalitatea hobetzea; kirol-kultur, euskara eta hezkuntza jarduerak sustatzea; ekonomiaren garapen iraunkorra bultzatzea; Donostiako haur, nerabe eta gazteen jarduerak sustatzea; eta erakundearen lidergoa izatea.
Balioei dagokienez, hauek egingo dute bat diru-laguntzekin: hizkuntza-normalizazioak, genero berdintasunak, adineko pertsonekin adiskidea den hiria eta parte-hartzeak eta ingurumenak.
Plangintza amaitzean, diru-laguntzen kudeaketa zerbitzuek Kontuhartzailetza Orokorrari memoria bat egin beharko diote, emandako diru-laguntzen inguruko informazioarekin.