Ibaiertz abesbatzak logoa du
Martuteneko Imanol Martinez koroko kideak egin du irudia.
Loiolako eta Martuteneko bizilagunak batzen ditu Ibaiertz abesbatzak. Duela hamaika urte sortu zuten, eta iazko urteurrenaren aitzakian, oraindik etxeko lanak egiteko zituzten abeslariek. Horrela bada, 2017an, abesbatza elkarte gisa ofizialki sortzea erabaki dute azkenean, eta logoa ere egin diote. “Hamar urte eta gero, pauso bat emateko garaia zen”, aipatu dio IRUTXULOKO HITZAri Josu Elberdinek, abesbatzako zuzendariak. Guztiz amateurra da Ibaiertz abesbatza. Taldekideen batezbesteko adina 60 urtetik gorakoa da, eta gehienek ez dute musika ikasketarik. Gogoa eta kemena, ordea, soberan dituzte, eta abesbatzako kide batek berak sortu du logoa, Imanol Martinezek, hain zuzen ere. “Ez da marrazkilaria, baina errekaren ideia bururatu zitzaion abeslariak biltzeko, eta taldekideen oniritzia lortu du”, gehitu du Elberdinek. Gaur egun, 42 kidek osatzen dute abesbatza; eta, noski, ibaiertzean bizitzeaz gain, euren zaletasun nagusiak batzen ditu: abesteak. Martuteneko Etxarriene kultur etxean entseatzen du Ibaiertzek, baina lotura handia du Loiolarekin. Izan ere, Loiolako abesbatza desagertu zenean indarberritu zen Ibaiertz, Loiolatik iritsitako kideekin. Laster kontzertuak izango dituzte, eta gogor ari dira lanean. “Martxoan, urtero, Etxarrienek Emakumeen Astea antolatzen du, eta guk martxoaren 9an emango dugu kontzertua, Martuteneko elizan. Maiatzean Bilbora joango gara, eta Trintxerpen eta Loiolan ere izango ditugu kontzertuak”.
Erlazionatutako edukia"Musika bidea izan behar da, baina helburua taldea"