Itsasoarekin lotutako jostailuak bildu ditu Ontzi Museoak erakusketa batean
Itsas jostailuak izeneko erakusketa jarri dute ikusgai Ontzi Museoan. Bertan, itsasoarekin lotutako historiaren zati esanguratsu bat bildu dute: XIX. mendearen amaieratik XXI. mendera artekoa.
Erakusgai dauden jostailu gehienak, Espainiako Estatuan fabrikaturiko jostailuen bilduma partikular garrantzitsu batetik atera dituztela azaldu dute; Quiroga-Monte bildumatik, hain zuzen ere. Horretaz gain, Ontzi Museotik hautatutako hainbat pieza ere topa daitezke erakusketan.
“Jostailuek munduan barneratzen laguntzen diete umeei. Jolasteko eta dibertitzeko tresnak izaten dira, baina, aldi berean, trebetasun eta gaitasun fisikoak, intelektualak eta sozialak garatzeko ere bai”, azaldu du Gonzalo Joverrek, Haurren Jolasaren Behatokiaren zuzendariak.
Jostailuen bilakaerak denboran zehar izandako aldakuntza sozialak, politikoak, kulturalak eta teknologikoak islatzen dituela erakusketak azaldu dute. Tartean, jostailuzko itsasontziak, belaontziak, merkataritzako lurrunontziak, trasantlantikoak, aisialdirako ontziak eta gerraontziak: “Denetarik dago ontzi horien artean: erlojuzko edo bestelako propultsio mekanismoak dituztenak, haizearen indarrez mugitzen diren belaontziak edo eskuz bultzatzekoak; sofistikatuak edo apalak, baina denak ere ilusio sortzaileak”.
Erakusketa ikusgai egongo da 2017ko irailaren 15era arte.