53 emakumek hartu dute parte jatorri askotariko emakumeentzako kulturarteko gunean
21 herrialdetako 53 emakumek hartu zuten parte iaz Donostiako Emakumeen Etxeko emakumeentzako kulturarteko gunean.
Emakume etorkinak ahalduntzeko egitasmoa sortu zuten Donostiako Kultur Aniztasun Bulegoak eta Berdintasun Sailak elkarlanean; eta Sorburu kooperatibaren esku dago egitasmoaren dinamizazioa.
Asteartero daukate hitzordua gune honetan parte hartu nahi duten jatorri desberdinetako emakumeek; gune irekia da, eta ez dago izena eman beharrik; saioak emakumeen etxean egiten dituzte: “Partaideen bizipen propioetatik abiatuta migrazioak nola bizi dituzten aztertu izan dute elkarrekin”, azaldu dute.
Zailtasunetatik ikasten saiatzen dira, eta banakakoen eta taldearen lorpenak partekatzen dituzte. Osasun fisikoa eta emozionala hobetzea eta Donostian leku bat egiteko tresna eta baliabideak eskaintzea da helburu. Beste hainbat helburu ere aipatu dituzte: “Balizko isolamendu batetik ateratzen laguntzea, euskal gizartea eta jatorrizko gizartea, biak ala biak, ezagutaraztea; eta guneko partaideek elkarrekin aisialdi, entretenimendu eta ezagupen ekintzetan parte hartzea bultzatzea”.