
Europako Hizkuntzen Mapa, Tabakalera kanpoaldean. (Argazkia: Malen Aldalur)
Europako Hizkuntzen Mapa Tabakalera kanpoaldeko plazatik kentzera doazela jakin denean, haserrea zabaldu da sare sozialetan.
#MapaEzIkutu traola erabilita hainbat herritar mapa bertan geratzearen alde agertu dira. Albisteak eragindako “nahasmena” dela eta, Kultura, Euskara eta Hezkuntza zinegotzi
Miren Azkaratek azpimarratu du, Donostiako Udalak ez duela erabaki Hizkuntzen Mapa kentzea. Prentsa ohar baten bidez gogorarazi du,
Bagera elkarteak izan duela ordezkari bat Donostia 2016ren Euskarriak proiektuan, eta Hizkuntzen Mapa egin zutenean 2016ko abenduaren 31ra arteko baimena eskatu zutela. Ondorioz, Bagerak berak ere bazekien iraungitze data zuela.
Gaineratu du, joan den abenduan Bagera Elkarteak Donostia 2016ra jo zuela, mapa denbora gehiagoan atxiki zezaten eskatuz. Azkarateren arabera, une horretan, erantzun zitzaien horma berean Remigio Mendibururen eskultura bat jartzeko asmoa dagoela, baina lanak ez zituztela berehala hasiko eta Hizkuntzen Mapa beste hiru hilabetez edukitzeko baimena emango zietela.
Azkarateren ustez, mapak, orain dagoen bezala, ez duela ezertarako balio: “Hondatuta dago, ez da zenbakirik ikusten eta ez dago hizkuntzak kokatzerik. Eta hilabete batzuk badira halatsu dagoela”.
Miren Azkaratek, halaber, segidakoa argitu nahi izan du: “Lehengo astean Bagerak eta Donostiako Udalak egindako bilerara konponketaren aurrekontuarekin etorri ziren: 2.600 euro. Eta bukaeran oharra: Mapak okerrera egingo balu, urtetik urtera alda daiteke mantenuaren zenbatekoa. Alegia, etengabeko konponketa beharko luke, eta beraz, gasturik ezin da aurreikusi eta ondo-ondo nekez egongo litzateke”.
Hori guztia dela eta, Azkaratek honakoa adierazi du: “Lehendik dagoen zurezko mapa kokatzeko leku egokiren bat proposatuko baligute -egurats gorrian egongo ez dena, jakina- edo beste materialen batean egiteko asmorik erakutsiko baligute, Donostiako Udala prest dago aukerak aztertu eta benetako elkarlan zintzo eta leiala bultzatzeko”.