AEK-k antolatutako Binakako Lasterketan parte hartuko dute Txema Rodriguez eta Inma Landazurik, martxoaren 12an.
Txema Rodriguez eta Inma Landazuri; korrikalariak.
(Argazkia: Estitxu Zabala)
Txema Rodriguez eta Inma Landazuri Groseko eta Parte Zaharreko bizilagunak dira. Lankideak eta kirolzaleak dira biak ere, eta euren arteko harreman estua aprobetxatuz, urtean elkarrekin egiten dituzte pare bat lasterketa. Laugarren aldiz parte hartuko dute bikote gisa Binakako lasterketan; aurreko urteetan bezala, elkarrekin ongi pasatzea izango dute helburu nagusia, eta bide batez, euskararen alde aritzea.
Kirolariak izan zarete betidanik?
Txema Rodriguez (T. R.): Nik txikitan atletismoa egiten nuen. Gerora, ordea, Bilbora joan nintzen lanera, eta atletismoa utzi nuen. Duela hamabi urte, Donostia Kulturan hasi nintzen lanean, eta hor ezagutu nuen Inma. Kirolaria zen bera, eta beste lankide batekin, Amaiarekin, lasterketa batzuetan parte hartzen zuen. Ni ere animatu nintzen beraiekin, eta lasterketa txikietan parte hartzeko ohitura hartu genuen.
Amaia ama izan zen, eta oraindik ez da korrika egitera itzuli. Inma eta biok ibiltzen gara orain, San Silvestre eta binakakoa egiten ditugu elkarrekin.
Inma Landazuri (I. L.): Ni duela zortzi urte hasi nintzen korrika egiten. Lilatoian parte hartu nuen koinatarekin batera, bera oso zalea delako, eta pixkanaka lasterketa gehiagotan parte hartu izan dut. Behobia-Donostia eta Maratoi Erdiraino iristen naiz gehienez. Gustura ibiltzen naiz, ez dudalako erronkarik jartzen markaren inguruan.
Askotan parte hartu duzue Binakako Lasterketan?
T. R. : Hasieratik parte hartu dugu. Lehen, Inma Amaiarekin irteten zen, eta ni iloba batekin. Elkarrekin laugarren urtea izango dugu.
Elkarrekin entrenatzen duzue?
T. R. : Lehen bai, baina orain ez. Lanean oso harreman estua dugu, baina hortik kanpo zuzenean lasterketetan geratzen gara.
Aurtengo lasterketarako baduzue erronkarik?
T. R. : Egia esan, ez dugu egiten dugun denbora ere begiratzen. Guk beti egiten ditugu sei kilometroak hitz egiten, dena komentatzen. Gainera, lasterketa bukatzean izugarria izaten da jartzen duten hamaiketakoa, eta niri hori gustatzen zait gehien! [barreak].
Zer du berezia?
I. L. : Bikoteka joaten zara, beste lagun batekin; txikia da, baina berezia eta oso alaia.
T. R. : Guztiz herrikoia da, lagunekin joaten zara, eta ez duzu presiorik. Euskara eta kirola batzen ditugu gainera, eta sekulako giroa egoten da.
Partaidetza igoera nabaritu duzue urtez urte?
I. L. : Bai. Lasterketa guztietan bezala, gero eta korrikalari gehiago elkartzen gara.
Nola animatuko zenukete parte hartzeko zalantzatan dabilena?
I. L. : Korrika egitea gogoko badute, topa dezatela lagunen bat,bikotekidea, familiakoren bat… oso lasterketa alaia da eta oso erraz egiten da, korrika egiteko ohiturarik izan gabe ere. Sei kilometro berehala egiten dira, eta lasai-lasai egin daiteke, inolako presarik gabe.