Espainiako Gobernuak ez du baimenik eman Donostian zezenketei buruzko galdeketa egiteko
Iazko urrian, EAJ eta PSE-EEk adostuta erabaki zuten Espainiako Gobernuari baimena eskatzea zezenketen inguruko galdeketa egiteko. EH Bildu abstenitu egin zen, eta PPk kontrako botoa eman zuen. Honako galdera hau egiteko baimena eskatu zioten gobernuari: “Nahi al duzu udalak baliabideak edo instalazioak bideratzea zezenketak egiteko?”. Eta bi erantzun posible: “bai” edo “ez”.
Espainiako Gobernuak, ordea, ez du onartu galdeketa egitea. Eneko Goia alkateak, ez du bat egin kontsultaren aurkako erabakiarekin eta helegitea jarriko duela esan du. Halere, Espainiako Gobernuaren ezezkoa ez duela ezustean hartu azaldu du Goiak: “Erantzun politikoa da. Gaur egungo joeren kontrakoa da. Guk galdeketa egin nahi genuen herritarren iritzia jakiteko, erabakiak hartu ahal izateko. Pasa ditugu ezarri dizkiguten muga eta baldintza guztiak. Halere, badirudi gai honen inguruan Euskadin galdeketa bat egitea ez omen dela posible Alderdi Popularraren gobernuan”.
Herritarren iritzia zein den jakiteko bideak bilatzen jarraituko duela adierazi du Goiak.