Europako Hizkuntzen Mapa, Tabakalera kanpoaldean. (Argazkia: Malen Aldalur)
Hilaren bukaeran Egiatik kenduko dute Bagera elkarteak Kultur Hiriburutzaren barruan egindako hizkuntzen mapa. Udalak pieza honentzako leku «egokiago» bat aztertzeko prest dagoela dio
Europako Hizkuntzen Mapa Tabakalera kanpoaldeko plazatik kentzera doazela jakin denean, hainbat herritar haserre agertu dira, eta zalaparta sortu da sare sozialetan.
#MapaEzIkutu traola erabilita hainbat herritar mapa bertan geratzearen alde agertu dira.
Bagera elkarteak Kultur Hiriburutzaren urtean hizkuntzen inguruan sentsibilizazioa eta hausnarketa sustatzeko egin duen proiektuetako bat da. Pieza honek aldi baterako egon behar zuen plazan, baina mapak izan duen harrera ona ikusita, Bagerak udalari eskatu dio bertan uzteko. Mapa ikono bihurtu dela defendatzen du Bagerak, egitasmoaren ideia ikusarazteko leku estrategikoa delako. Izan ere, mapan Donostian hitz egiten diren Europako jatorrizko 91 hizkuntza biltzen dira.
Albisteak eragindako «nahasmena» dela eta, Kultura, Euskara eta Hezkuntza zinegotzi Miren Azkaratek azpimarratu du, Donostiako Udalak ez duela erabaki Hizkuntzen Mapa kentzea. Prentsa ohar baten bidez gogorarazi du, Bagera elkarteak izan duela ordezkari bat Donostia 2016ren Euskarriak proiektuan, eta Hizkuntzen Mapa egin zutenean 2016ko abenduaren 31ra arteko baimena eskatu zutela. Ondorioz, Bagera elkarteak berak ere bazekiela iraungitze data zuela.
Gaineratu du, joan den abenduan Bagera Elkarteak Donostia 2016ra jo zuela, mapa denbora gehiagoan atxiki zezaten eskatuz. Azkarateren arabera, une horretan, erantzun zitzaien horma berean Remigio Mendibururen eskultura bat jartzeko asmoa dagoela, baina lanak ez zituztela berehala hasiko eta Hizkuntzen Mapa beste hiru hilabetez edukitzeko baimena emango zietela.
Azkarateren ustez, mapak, orain dagoen bezala, ez du ezertarako balio: «Hondatuta dago, ez da zenbakirik ikusten eta ez dago hizkuntzak kokatzerik. Eta hilabete batzuk badira halatsu dagoela».
Miren Azkaratek, halaber, segidakoa argitu nahi izan du: «Lehengo astean Bagerak eta Donostiako Udalak egindako bilerara konponketaren aurrekontuarekin etorri ziren: 2.600 euro. Eta bukaeran oharra: Mapak okerrera egingo balu, urtetik urtera alda daiteke mantenuaren zenbatekoa. Alegia, etengabeko konponketa beharko luke, eta beraz, gasturik ezin da aurreikusi eta ondo-ondo nekez egongo litzateke».
Hori guztia dela eta, Azkaratek honakoa adierazi du: «Lehendik dagoen zurezko mapa kokatzeko leku egokiren bat proposatuko baligute -egurats gorrian egongo ez dena, jakina- edo beste materialen batean egiteko asmorik erakutsiko baligute, Donostiako Udala prest dago aukerak aztertu eta benetako elkarlan zintzo eta leiala bultzatzeko».
Irtenbide bila
Bagera elkartea ere elkarlanerako prest agertu da, baina udalari eskatu dio mapa leku ikusgarri batean kokatzeko ardura bere gain har dezan:?«Baliabide tekniko eta ekonomikoak udalak ditu. Beraiek aztertu beharko dute replika bat egin daitekeen, non jar daitekeen… Gu irabazi asmorik gabeko elkarte bat gara. Konponbide bat adosteko prest gaude, noski. Lortu nahi duguna da mapa toki ikusgarri batean jar dezaten. Nahiago dugu Tabakalera kanpoaldean jarraitzea,leku estrategikoa iruditzen zaigulako, baina beste toki egokiago bat aurkitzen badute, ados egongo ginateke».
Bagerak ez zuen albistearen harira sortu den zalaparta espero. Jokoz kanpo harrapatu dituela dio: «Guk ez dugu inolako kanpainarik egin, ez dugu asmo txarrez jokatu. Informazioa eman nahi genuen. Jendeak honen berri izan behar zuen. Sare sozialetan sortu den zalaparta ez dago gure esku. Ez genuen espero horrelakorik, baina nolabait arrazoia ematen digula uste dugu, hau da, erreferente bat sortu duela mapak, eta jendeak bertan gera