
Euritan atera ziren hainbat emakume iazko Lilatoi lasterketan . (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Badator 2017ko Lilatoi lasterketa. Aurten 28. aldiz aterako dira emakumeak Donostiako kaleetan zehar korrika. Ohikoa den bezala, martxoko lehen asteburuan egingo dute, aurten, martxoaren 5ean, igandean. 10:30ean Bulebarretik aterako dira izena eman duten 5.758 emakumeak; iaz baino 700 emakume gehiago. Bestalde, Lilatoiaren aurreko astean 45 lagun arituko dira boluntario gisa lanean, eta egunean bertan, berriz, 170 pertsona inguru.
“Hasieratik argi genuen martxoaren 8ko egunaren inguruan antolatutako lasterketa bat izan behar zuela; emakumeen lasterketa bat izan behar zuela”, azaldu du Asun Urbieta Lilatoiko korrikalaria eta urteetan antolatzailea izan denak. Urbietak uste du Lilatoia asko aldatu dela 28 urte hauetan:?”Hasieran 150 emakume inguru ateratzen ginen auto artean eta ahal genuen bezala korrika”. Aurten aldiz, askoz parte hartzaile gehiago daude. Bestelako aldaketa batzuk ere aipatu ditu Urbietak, izan ere, duela hiru urtetatik Donostiako Atletikok antolatzen du lasterketa. “Lehen emakume talde bat arduratzen zen antolakuntzaz, baina lasterketa handitzen joan den heinean gero eta zailagoa zen. Zoritxarrez ez da erreleborik egon eta ez zaie beste aukerarik geratu”, azaldu du.
Dena den, oraindik lasterketak lehengo helburu berdina duela uste du Urbietak: “Emakumeak herri lasterketetan parte hartzera animatzea”.
Lasterketa baino gehiago
Urbietak uste du Lilatoi lasterketa ez dela lasterketa arrunt bat: “Emakumeen ahalduntzearekin harreman zuzena du”. Gainera, lasterketaz harago beste hainbat jarduera ere antolatu dituzte iganderako: 09:45ean ikuskizuna eskainiko du Verdini dantza taldeak eta lasterketaren aurreko beroketak egiteko Aero-Zumba egingo dute 10:00etan Bulebarrean. Gainera, bost kilometro korrika egin ostean gehiagorako gogoz gelditu denak batukadaren erritmora gerria mugitzeko beta izango du. Ondoren,
12: 30etik 16:00etara Lila-poteoan parte hartzeko aukera egongo da Ordizia tabernatik hasita.
Ordu aldaketa
Aurten zalaparta sortu du ordu aldaketak. Lehengo urtean lasterketen ordua aldatu eta 11:00etatik 10:00etara pasatzea erabaki zuen udalak, mugikortasun arazoak argudiatuta.
Hainbat talde feministak protesta egin zuten Lilatoia ez zela beste lasterketa guztiak bezalakoa argudiatuta. “Lehengo urtean inork ez zigun kasurik egin eta aurten, gutxienez, zeresana eman du”, azaldu du Urbietak. Pozik dagoela gaineratu du, gutxienez, 10:30era atzeratzea lortu dutelako, nahiz eta, uste duen ez dela nahikoa.