Martxoaren 8a jai eguna izateko eskatu dute
Martxoaren 8a jai eguna izatea adostu dute Donostiako Udaleko alderdi guztiek. Orain, eskaera Espainiako Gobernuari helaraziko diote Emakumeen Nazioarteko eguna jai egun izendatzeko eskatuz.
Adierazpenean udalak azaldu du ezberdintasunak oraindik ere badaudela eta ez dela emakumeen aurkako indarkeria bukatu: “Matxismoa bere dimentsio eta maila guztietan erradikatu behar da”.
Gaineratu dute erakundeek eta gizarteak elkarrekin borrokatu behar dutela matxismoaren aurka. Berdintasuna lortzeko bere esku dagoen guztia egiteko konpromisoa hartu du udalak.
Hori dela eta, martxoaren 8aren harira hainbat jarduera antolatu ditu udalak haurtxokoetan, gaztelekuetan eta Etxarriene Auzoa Etxean; guztira 27 ekitaldi egingo dituzte: besteak beste, ikastaroak, hormairudiak, eta haur eta familientzako hitzaldiak.
Euskal Herriko koordinakunde feministak ere mobilizazioa iragarri du martxoaren 8rako, Emakumeen Nazioarteko Egunerako.
Manifestazioa egingo dute arratsaldeko 19:00etan Bulebarretik hasita Feminismoa zorroztu lelopean.

