Arrokako frontoiaren partaidetza prozesuko panel informatiboak. (Argazkia: Malen Aldalur)
Arrokako frontoiaren partaidetza prozesua abian jarri du Donostiako Udalak, auzotarrek pilotalekua mantendu edo plaza bat egin nahi duten erabakitzeko. Zehazki, martxoaren 8tik 19ra, bizilagunek posta bidez bidali beharko dute euren erantzuna. Halere, Amara Bai elkartea ez dago ados prozesuaren zenbait alderdirekin.
«Ilusio handiarekin hasi genuen prozesua, auzoari kontsulta egingo zitzaiolako, baina oztopoak izan ditugu bidean. Polita eta eredugarria izan zitekeela uste dugu, baina gauzak azkar eta euren modura egin nahi dituztela dirudi. Hasteko, esan ziguten bilera bat egingo genuela bi proiektuak jendeari helarazteko, baina, azkenean, proiektu bakoitza egun batean aurkeztu da –gure proposamena asteartean (Realaren partida eta Inauteri garaian) eta udalarena atzo izan zen–. Horrela ezinezkoa da eztabaida sortzea».
Bestalde, proposamena aurkezteko informazio orri bat idaztea eskatu zieten, bizilagunei postaz bidaltzeko: «Baina testuaren zati batzuk zentsuratu dizkigute. Esaten digute ezin dugula beste proiektuaren kontra egin, baina idatzitakoa gure argudioak dira. Lan izugarria hartu dugu dena prestatzen, eta, azkenean, ez da informaziorik bidaliko etxeetara. Pena da batzuk informaziorik izan gabe bozkatuko dutelako. Halere, laster, jardueraren bat egingo dugu, behintzat, gure proposamena ezagutzera emateko».