Belaunaldi askotako gazteen bilgunea izan zen Young Play; Hernaniko lurretan zegoen, Galarretan, eta inguruko festazale asko erakartzen zituen asteburuetan. Laster, erosketa gurditxoak ibiliko dira dantzalekuaren tokian.

Young Play diskoteka. (Argazkia: Facebook / Young Play)
Supermerkatu berri baten irekiera iragarri dute, kartel handi batekin: «Zure Lidl berria eraikitzen ari gara». Jo eta ke dabiltza langileak, hondeamakina eta erremintekin, Galarretako biribilgunearen ondoko lurretan. Parranda ederrak egin dituzte belaunaldi bat baino gehiagotako gazteek, leku hortan bertan. Izan ere, 25 urtetik gora dituen nork ez du gogoan Young play diskoteka?
Keops, Ku, La Perla, Txikitenis, Penelope, Paladin, Tiffanys, Redes, Cristal, Hollywood, Illunbeko Rock Star eta Zibbibo… asko eta asko izan dira Donostiak izandako diskoteka ezagunak, eta hiriko historiaren parte dira. Young Play Hernaniko lurretan zegoen berez, bi udalerrien arteko mugan kokatua, eta inguruko herrietako gazte askoren elkargunea izan zen. Horrela bada, nostalgiko ugari ditu Play bezala ezaguna zen diskotekak. Facebooken bertan, 3.100 lagun baino gehiago ditu Playri eskainitako orriak, eta oroitzapenak partekatzeko erabiltzen dute.
1970, 80 eta 90eko hamarkadetan modako diskoteka izan zen Young Play, eta belaunaldi horietako gutxi izango dira inoiz bertan egon ez zirenak. Parrandarako ez bazen, inauterietako konpartsen aurkezpena zelako, boxeo borroka bat zegoelako, festa pribaturen bat, kontzertuak… Barrura sartu ez direnen artean, gutxienez ondoko aparkalekua zapaldu dutenak asko izango dira, urte askoan izan baita geralekua, gidatzeko baimenaren azterketa praktikoa egiteko.
Urte haietara itzultzeko aukera egongo da laster. Young Playren omenezko jaia egingo baitute, martxoaren 17an, Gu diskotekan –aurretik Kabutzia izandakoa–. Jaia 23:45etik goizeko seiak arte izango da, Dj Musti eta Dj Xabi Demper bikotearen eskutik. Helburua argi dute, 1990eko hamarkadako giroa berreskuratzea: orduko modako edariak – kristal edo tgv–, giroa berotzeko dance kantuak, abesti lasaien tartea, eta, noski, kantu onenen garaia iragartzen zuen sirena hotsa. Agian, Young Playn gertatzen zen moduan, abesti lasaietan elkarrekin estu dantzatzeko aukera izango dute zorte ona dutenek, eta, gainontzekoak, besaulkietan zain geratu beharko dira.
Hiru garai, hiru itxiera

Lidl supermerkatua irekiko dute laster, Young Play diskoteka zegoen lurretan. (Argazkia: Estitxu Zabala)
1962an hasi ziren Young Play eraikitzen, eta 1964ko udan zabaldu zituen ateak. Hasieratik izan zuen arrakasta. Autobusek festazaleak eramaten zituzten arratsaldean, eta buelta izaten zuten, 21:30ean. Gauetan, 22:00ak inguruan iristen ziren bigarren txandakoak, eta goizeko ordubiak eta hiruak arte izaten zuten musika larunbatetan.
Lehen aldiz, 2002an itxi zuten Young Play; hortik hilabete eskasera, berriro zabaldu zuten, Play izenarekin, 2004 arte. Azken sasoia, 2005tik 2006ra izan zen, Play The Music gisa bataiatuta. Urte batzuetan hutsik egon ostean, 2013ko apirilean, eraikina eraitsi zuten.