Eneko Goia: "Ulertezina da erabakia, eta gure asmoa helegitea jartzea da"
Zezenketen kontsulta egitea da alkatearen eta EAJren jarrera.
Espainiako Gobernuak zezenketen galdeketari baimena ukatu ondoren, Eneko Goia alkateak erabakiari helegitea jartzeko asmoa agertu du: “Erabakia udalera formalki iritsi ez bada ere, erabaki ulertezina iruditzen zaigu; bai niri eta bai EAJ alderdiari”. Hori dela eta, helegitea jartzeko proposamena hurrengo udalbatzarrera eramango du alderdi jeltzaleak. Goiari gehiegizkoa iruditzen zaio udalari galdeketa bat egiten ez uztea: “Udalen autonomiari eraso egiten dio zuzenean”. Horrekin batera, gaizki iruditzen zaio hiritarrei beraien iritzia ematen ez uztea. “Hiritarren %5ak egindako eskaera baten galdeketa aurrera eramateko konpromisoa hartu genuen, eta arazoak arazo, mantentzen dugu”, azaldu du Goiak. Bestalde, kritiko agertu da PSE-EEk eta PPk hartu duten jarrerarekin. “Sozialisten jarrera ez dut ulertzen, eta harritu gaitu popularren iritziarekin bat egin izana”, adierazi du Goiak. Dena dela, ezadostasun horrek udal gobernuan eraginik ez duela izango esan du.
Erlazionatutako edukiaEspainiako Gobernuak ez du baimenik eman Donostian zezenketei buruzko galdeketa egiteko