Hamahiru urte besterik ez zituela hasi zen jostun gisa lanean Cristobal Balentziaga, Donostian. Trebatu ostean, bere lehen denda zabaldu zuen, Askatasunaren hiribidean, duela ehun urte, eta sekulako ospea lortu zuen goi mailan.

Askatasunaren Hiribidean iriki zuen deda Cristobal Balentziagak, 1917an. (Argazkia: Fototeka)
Jostuna eta moda diseinatzailea izan zen Cristobal Balentziaga Eizagirre. Balenciaga moda-etxearen sortzailea izan zen, eta nazioartean ospe izugarria lortu zuen. «Maisuen artean maisua» zela diote adituek, eta goi mailako joskintza artearen sortzailetzat jotzen dute. Hala bada, ondorengo diseinatzaileengan eragin handia izan zuen.
1895eko urtarrilaren 21ean jaio zen Cristobal Balentziaga, Getarian; eta 1972ko martxoaren 24an hil zen, Alacanten (Herrialde Katalanak), 77 urte zituela. Esan daiteke bere jostun ibilbidea Donostian hasi zuela, eta hain zuzen, duela ehun urte zabaldu zuen bere lehen jostundegia, hirian bertan. Askatasunaren Hiribidean, Bergara kalearekin izkina egiten duen eraikinean zegoen denda: C. Balenciaga. Aldi berean, 80 urte dira, Parisen ere jostundegia zabaldu zuenetik.
Efemerideen harira, Balentziagaren sormen eta enpresa abentura oroituz, bi erakusketa antolatu dituzte. Bata, Parisen jarri dute, aste honetan: Balenciaga, l’oeuvre au noir, Bourdelle Museoan. Bestea, Getariako Cristobal Balenciaga Museoan jarriko dute maiatzean: Rachel L. Mellon Collection.
Familia beti ondoan

Cristobal Balentziagak Rachel L. Mellon bezeroari egindako jantzietako bat. (Argazkia: Balentziaga Museoa)
Familia umil eta katoliko batean jaio zen Cristobal Balentziaga. Aita arrantzalea zuen, eta, ama, jostuna. Bost anai-arreba izan ziren, hiru neska eta bi mutil, eta bostetan gazteena zen bera. Txikitatik atsegin zuen jostungintza. Dirudienez, orduak igarotzen zituen zirriborroak marrazten, eta garaiko diseinuak imitatzen.
Bere negozio propioa zabaldu aurretik, hiriburuko bi jostundegitan lan egin zuen. Hamahiru urte besterik ez zituela, New England izenekoan hasi zen, eta behin trebatuta, Au Louvre dendara joan zen, emakumeentzako jantzigintza sailera, jostun gisa. Parisera ere joaten zen urtean pare bat aldiz. Horrela, moda firma ezagunetako jantziak erosten zituen Parisen, Donostiako bezeroei aurkezteko. Azkenean, 1918an, Balenciaga y Compañia sozietatea sortu zuen, eta sei urtez ospe handia lortu zuen. Sozietatea itxi zuenean, 1924an, Askatasunaren hiribidean finkatu zen, 2. zenbakiko lehen solairuan. Argi dago familia beti ondoan izan zuela Balentziagak. Amarekin bizi izan zen Donostian; bere arreba Agustina, denden arduraduna izan zen, eta, Juan, anaia, enpresaren kudeaketaz arduratu zen, 1919tik.
1920ko hamarkada oso oparoa izan zen Balentziagarentzat. Hirian uda igarotzen zutenen artean oso ospe ona lortu zuen, eta, horrela, 1927an, Okendo kalean bigarren denda bat ireki zuen: Eisa Costura –amaren Eizagirre abizenaren omenez–. Hala, garaiko moda astindu zuen.
Edonola, 1936ko Gerraren ondorioz, dendak itxi behar izan zituen. Parisera joan zen bizitzera. eta 1937an, lantegia ireki zuen Parisko George V.aren etorbidean. Balentziagaren sormenak ez zuen etenik; ehunak ia moztu gabe egiten zituen diseinuak, ia josturarik gabe, berehala: sorbalda eroriak, gerri pintzaduna, hiru laurdeneko mahuka, baloi gonak, gerri altuak, euritako gardenak… Botoi handiekin apaintzen zituen diseinuak.
Duela 45 urte hil zen Balentziaga, baina bere lanek bizirik diraute. Balenciaga Museoa 2011n inauguratu zuten, eta jostunaren lehen urteetako lanik garrantzitsuenak dituzte. Orain, ukitu berezia emango dio erakusketa berriak. Balentziagaren bezero garrantzitsuenetakoa zen Rachel L. Mellon. Amerikako Estatu Batuetakoa zen, eta hari egindako ondare monografikoak osatuko du erakusketa. Mellon andreak Getariako museoari emandako 150 piezek osatuko dute erakusketa. Jostunaren sormenaren heldutasuna ikusgai utzi nahi dute sortaren bidez.
Osotasunean, Balentziaga, sortzailea ez ezik, ekintzailea ere bazela nabarmenduko dute, urtemugarako antolatu duten programazioarekin.