Kalean gora, kalean behera
Zezenketen inguruko galdeketa egitea onartu zutenetik, urtebete beteko da aurki. Aurrera eramateko trabek atzeratu dute etengabe, eta, orain, Espainiako Gobernuak kontsulta egiteko baimenik ez dio eman udalari.
![zezenketen_mobilizazioa](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2017/03/Zezenketen_mobilizazioa.jpg)
“Nahi al duzu udalak baliabideak edo instalazioak bideratzea zezenketak egiteko?”, galderari ezin izango diote erantzunik eman Donostiako herritarrek, momentuz. Espainiako Gobernuak baimena ukatu dio udalari zezenketen inguruko kontsulta egiteko, eta horren aurrean, alderdiek jarrera ezberdina hartu dute. EAJ, EH Bildu eta Irabazi Donostia prest agertu dira galdeketarekin aurrera egiteko. Aldiz, PSE-EE eta PP alderdiek ez dituzte udalaren saiakera berriak babestuko.
Erabakiari helegitea jartzeko proposamena eramango du talde jeltzaleak udalbatzarrera. Asteartean iragarri zuen Eneko Goia alkateak, eta Espainiako Ministroen Kontseiluaren erabakia «ulertezina» dela adierazi zuen. Goiari gehiegizkoa iruditzen zaio udalari galdeketa bat egiten ez uztea: «Udalen autonomiari eraso egiten dio zuzenean».
Era berean, gaizki iruditzen zaio herritarrei beraien iritzia ematen ez uztea. «Hiritarren %5ek egindako eskaera baten galdeketa aurrera eramateko konpromisoa hartu genuen, eta, arazoak arazo, mantentzen dugu».
Donostia Antitaurina Orain plataformarentzat, estatuaren azken erabakia «inposizio bat da» donostiar guztientzako. «Madrildik datorren inposizioak ez gaitu errespetatzen, eta gure eskubide demokratikoak nabarmen urratzen ditu», adierazi dio irutxuloko hitzari Aitor Marin plataformako kideak.
Udalak Espainiako Ministroen Kontseiluari baimena eskatu behar izatea «zentzugabea» dela uste du Marinek: «Ez du zentzurik udalaren eskumena den erabaki bat hartzeko Madrilera jotzea. Halere, bat egin genuen horrekin baimena emango zutelakoan». Orain, berriz, udalak «erantzun irmoa» eman behar duela uste du.
PSE-EEk harturiko jarrerarekin «harrituta» daude plataformako kideak. «Batez ere, parte hartze saila beraien esku dagoelako», dio Marinek. Zezenketak estatuko ondare kulturala direla dioen lege bat dago indarrean. «Baina lege horrek ez du zehazten udalek diru publikoarekin mantendu behar dituztenik zezenketak. Udalak bere diruak eta eraikinak ditu, eta autonomia hori ere legean dator eta errespetatu behar da».
Plataformak bi gauza eskatuko dizkio udalari. Batetik, zezenketen inguruko iritzia jasotzeko beste bide batzuk aztertzea. Bestetik, galdeketa egin bitartean, Ilunbe ez alokatzen uztea. «Aste Nagusirako zezenketak mantentzen badira, ondorio konponezinak egongo dira, animaliak torturatu eta hilko dituztelako».
Bidearen bukaera
Sozialistek ez dute babestuko udal gobernuko beraien bazkideen helegite proposamena. Duñike Agirrezabalaga partaidetza zinegotziak azaldu du kontsultaren bideak ez duela ibilbide juridikorik. «10/2015 legearekin ados egon edo ez, indarrean dagoena da, eta errespetatu behar dugu». Lege horren arabera, zezenketak estatuaren ondare kulturala dira, eta legea aldatu ezean ezin dira zezenketak debekatu. «Helegiteak ez garamatza inora, eta hiritarrei ez diegu frustraziorik sortu nahi», esan du Agirrezabalagak.
PSE-EEren jarrera «ulertezina» dela adierazi du Goiak, eta harrigarria iruditu zaio popularren iritziarekin bat egin izana. Dena dela, ezadostasun horrek udal gobernuan eraginik ez duela izango azpimarratu du.
Espainiako Gobernuari baimena eskatzearen kontra egin ondoren, Alderdi Popularrak ere ez du babestuko helegitea. Miren Albistur bozeramaileak gogor kritikatu du alkatearen jarrera. Bere esanetan, gaiarekin «donostiarren arteko talka» bilatzen ari da. «Udalbatzarrean adostu zen galdera ez zitzaigun egokia iruditu, eta konfrontazioa bilatzen du», azaldu du Albisturrek.
Zezenketak egitea legezkoa dela azpimarratu dute popularrek. «Pertsonen askatasunean sinesten dugu, eta horiei utzi behar zaie erabakitzen zer egin nahi duten», esan du Albisturrek. Edonola, gogora ekarri du PP ez dagoela «demokrazia zuzenaren kontra», eta aurreko legegintzaldian kontsulten araua babestu zuela.
Bide berriak
EH Bilduk proposamena luzatu dio Eneko Goiari. Hain zuzen ere, zezenketei buruz donostiarren iritzia ezagutu ahal izateko «ibilbide orria adostea». Amaia Almirall bozeramaileak azpimarratu du pasa den urriko udalbatzan bide berriak bilatzea erabaki zutela, baimena ukatzekotan. «Alkatearekin, EAJ eta Irabazi udal taldeekin, eta herri mugimenduarekin biltzeko borondatea dugu», adierazi du Almirallek. Bestalde, sozialisten eta popularren jarrera kritikatu du: «PSE-EE eta PP, beraien borondatez, herritarren erabakia ezagutzeko eskubidetik kanpo kokatu dira».
Helegitea jartzea ez du begi onez ikusten EH Bilduk. «Askotan ikusi dugu Madrilek zein jarrera hartzen duen Euskal Herritik egiten ditugun eskaera demokratikoen aurrean». Dena dela, prest daude helegitearen aukera aztertzeko, baina modu paraleloan beste tresna batzuk abian jartzeko eskatu dute.
Irabazi Donostiaren iritziz, «erabaki politikoa» da Espainiako Ministroen Kontseiluak harturikoa. «Onartezina da udalak ez izatea aukerarik herritarrei galdera bat egiteko, eraikin publiko baten erabileraren inguruan», adierazi du Amaia Martin bozeramaileak. Helegitea babestuko dute, erabakiak udalaren autonomia «kaltetzen» duelako. Halere, galdeketa egiteko beste bide batzuk jorratzearen alde daude. Zezenketen inguruko galdeketa egiteko lanean jarraitu behar dela esan du Martinek, 10.000 donostiarren eskaera bermatu behar delako.