Terrazen ordenantza aldatu nahi dute. (Argazkia: Malen Aldalur)
Udal gobernuak terrazen ordenantza aldatzeko tramiteak hasi ditu; horrela, ostalariek okupatzen duten lurraren inguruko arauak malgutu nahi dituzte. Alfonso Gurpegi Espazio Publikoko zinegotziak azaldu du aldaketa hauekin ostalarien eskariei erantzuteaz gain, “turismo gorakada historikoari” ere erantzun nahi diotela.
Aldaketen artean honakoak aipatu dituzte: tabernatik ez da terraza ikustea beharrezkoa izango; terrazak guztiz estali ahal izango dira; karga eta deskargarako erabiltzen ez diren espazioetan lehen ordutik jarri ahal izango dira terrazak; fatxada zati txikia duten ostalaritza lokaletan, bizilagunekin adosten bada, alboko fatxadaren aurrealdea hartu ahal izango da.
Oraindik proposamena soilik egin dute. Hemendik gutxira, hiritarrek hamabost eguneko tartea izango dute ekarpenak egiteko. Azkenik, osoko bilkuran onartu beharko dute.
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteko kideak «oso haserre» daudela azaldu dute: “Formalki oraindik ez dugu gaiaren inguruko informaziorik jaso”. Xabier Arberas, auzo elkarteko kideak azaldu du “eromena” dela aldaketa horiek egitea: “Gaur egun, dagoeneko, espazio publikoaren saturazioa izugarria da”. Gaineratu du, udalak beti egiten diela “men” ostalariek eskatutakoari.