Audience taldeko kideak.
Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten
Jai Alai Blues dokumentala 2015ean. Filmari soinu banda jarri zion Gernikako Audience taldeak, eta baita zuzenekoetara eraman ere. Bihar, Antzoki Zaharrean izango dira 20:00etan, 14 euroren truke.
Zesta puntaren historia du oinarri dokumentalak. Enpresariek, jokoaren eta apustuaren arrakastaz baliatuta, kirola sustatu zuten hainbat herrialdetara zabalduz eta sekulako ospea lortuz. Egipto, Txina, Filipinak, Kuba, Mexiko, eta Ameriketako Estatu Batuak Jai Alairen historiaren lekuko izan dira.
Dokumentalak kirolaren internazionalizazioa, urrezko aroa eta gainbehera aztertzen ditu. Artxiboko irudi interesgarri eta ezagun ugari biltzen ditu filmak, egungo pilotari hainbaten testigantzekin batera.
Hamabost abestiz osaturiko soinu banda osatu zuen Audience taldeak dokumentalarentzako, eta formatu digitalean entzun daiteke. Ordea, zuzenean ere ikus daiteke
Audience plays Jai Alai Blues emanaldiari esker. Filmeko irudiei eutsiz, zuzeneko interpretazioa egiten dute.
Antzoki Zaharreko kontzertuan lau musikari ariko dira taula gainean: Andoni Lauzirika (baxua), Felix Buff (bateria), Gaizka Insunza (gitarra, teklatuak eta ahotsa) eta Ager Insunza (gitarra, biolina eta ahotsa).