Jaime Dominguez-Macaya eta Eneko Goia, datuen aurkezpenean. (Argazkia: Lide Ferreira)
Iazko aurrekontuaren likidazioa aurkeztu du Donostiako Udalak. Eneko Goia alkateak eta Jaime Dominguez-Macaya Ogasun eta Finantzetzako zinegotziak eskaini dituzte datuak.
2016ko ekitaldia 4 milioi euroko superabitarekin itxi du udalak, eta iazkoarekin alderatuta %17 handiagoa da.
Superabitaren zifra soilik aurrekontu-ekitaldiarena da, eta ez ditu kontuan hartzen udalaren mendeko diren 13 udal-elkarte eta sozietateak. Elkarte eta sozietateek kontuak administrazio kontseiluetan aurkeztuko dituzte, eta aurreratu dutenez, ez da defizitik espero likidatzerako orduan.
Aurreikusitakoa baino
8,5 milioi euro gehiagoko diru-sarrera arruntak izan ditu udalak. Horietatik, 3,2 milioi Gainbalioen gaineko zergatik jasotakoak dira. Gainera, OHZ-tik aurreikusitakoa baino 1,55 milioi euro gehiago jaso ditu, %3,75 gehiago.
Aparteko diru-sarrerei dagokienez, udalak aurreikusitakoa baino 13,9 milioi euro gutxiago jaso ditu. Hain zuzen ere, likidatu ez diren hainbat esleipen ez dituzte azken likidazioan sartu: Illunbeko salmenta, Garbera merkatal zentroaren handitzea eta Txofreko kontzesioa.
Horrez gain, Finantzatzeko Foru Funtsaren 2,6 milioi euro itzuli behar izan ditu udalak, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan egindako zuzenketen ondorioz. Gainera, 2017an Estatuari ordaintzen zaion Kupoaren zuzenketa izateko arriskua egon daitekeela kontuan hartuta, 6,75 milioi euro gutxiagoko diru-sarrerak izan ditzake. Azkenik, udalak beste 15,59 milioi euro erreserbatu ditu 2017an kobratzen ez diren diru-sarrerei aurre egiteko.