Zirkuko artisten bizipenak

Hiru Damatxoko lan taldea arduratu da Korrikaren ikus-entzunezko nagusiak osatzeaz: abestiaren bideoklipa eta orduerdiko dokumentala; harrituak daude lanekin izaten ari diren oihartzunarekin.

zirkorrika

Adunako zirko eskolan grabatu zuten bideoklipa. (Argazkia: Hiru Damatxo)

Zirkua du oinarri 20. Korrikaren abestiak. Zirkorrika izenburupean osatu ditu hitzak Uxue Alberdik; eta melodia alaia eta azkarra jarri dizkio Xabier Zabalak. Donostiako Hiru Damatxoko ideia faktoriaren ardura izan da abestiaren bideoklipa osatzea, eta horren bueltan hitz egin du Kepa Matxainek: «Korrika egiten den urte guztietan, bideo batzuk egiten dira: spota, kantuaren bideoklipa eta hirugarren lan bat, dokumental edo erreportaje tankera hartu duena azken urteetan. Spotean lagundu dugu, baina guztiz gure gain egon direnak beste biak izan dira». Horrela, abestiaren bideoklipari dagokionez, ideia oso garbi zutela dio: «Hitzak zirkuari buruz dira, musika ere gipsy estilokoa da, beraz, grabaketa ere zirko estiloarekin irudikatu genuen. Ez genion imajinazio handiegirik jarri behar izan kontuari. Gainera, Harkaitz Martinez de San Vicente izan da zuzendari artistikoa, eta bazekien zer nahi zuen». Musikariak estudioan abestia grabatzen aritu zirenean, han egon ziren irudiak grabatzen Hiru Damatxokoak, baina ikusi zuten horrekin ez zutela nahikoa. «Asvinenera joan ginen, Adunan dagoen zirko eskola bat da. Ikasle pila bat mugitu zituzten hangoek euren borondatez, eta Donostiako Ilargi Berdea eskolakoak ere joan ziren». Goiz batean grabatu zuten bideokliperako material guztia: «Guk izan dugun grabaketarik zailenetakoa izan da, aurretik sekula ez dugulako hainbeste jende elkartu, gure aginduak jarrai ditzaten. Gogorra izan zen, baina harro bukatu genuen, sekula ez genuelako halako erronkarik izan eskuartean». Matxainek buruan duen lehen Korrikako abestia Big Beñat da, 2001ekoa. Beste abesti bat nabarmentzekotan, Gero bat gaurdanik oroitu du, 2003an Ruper Ordorikak eta Mikel Laboak egindakoa: «Makal-makala zen, eta horregatik bakarrik aipatuko nuke, gainontzeko abestien ildo desberdina duelako».

Dokumentala ere bai

Bideoklipaz gain, dokumentala ere osatu dute jada. «Urte bakoitzean Korrikak zabaldu nahi duen mezua sakonago zabaltzeko balio izaten du. Ikusi genituen aurreko urteetakoak, eta konturatu ginen erreportaje kutsutik jo dutela. Hogei lagun ezagun jarri izan dituzte kamera aurrean, euskararekin duten harremanataz hitz egiteko. Gure ustez, formatu horrek ez zuen sakontzeko aukerarik ematen, halako bideo labur batean». Beraz, ideia birmoldatu eta lau lagun aukeratu dituzte, bakoitzaren esperientzia sakonago jasotzeko, bere inguru naturalean. «Gakoa zen pertsonen aukeraketa, eta AEK-k lagundu digu». Azkenean, Euskararen lau aurpegi izenburupean, Maika Etxekopar, Ander Larunbe, Elena Cabellero eta Dani Alvarezen bizitzen berri jaso dute, 30 minutuko lanean: «Oso perfil desberdinekoak dira, eta lau istorioek ez dute zer ikusirik euren artean. Hain justu, horregatik aukeratu ditugu, aniztasuna erakusten dutelako, euskaldun izateko modu desberdinak erakusten dituztelako». Matxainek onartu du ez dela batere lan erraza izan zerbait berria egitea: «Euskara gaitzat duten dokumental pila bat daude, eta zerbait berria egin nahi genuen. Diskurtsoa berritzea zaila iruditzen zitzaigun, orduan, esperientzia pertsonalak sartuz berritzea erabaki genuen». Edonola, enkarguzko lan bat izan dela azpimarratu du Matxainek, eta AEK-koak direla bereziki pozik geratu behar direnak. «Ahalik eta lanik onena egin dugu, AEK-k eskatzen zizkigun irizpideak beteta».

Ikusgarritasun handia

Orain arte Hiru Damatxok egin duen lanik ikusgarriena izan daiteke Korrikakoa: «Egia esan, harritua nago kontu honek ekarri digun sokarekin. Ilusioz hartu genuen, noski baietz, eta orain ikusgarritasuna izugarria izaten ari da. Hiru lekutan aurkeztu dugu; Bilbon, Iruñean eta Donostian, eta elkarrizketa ugari egin dizkigute. Ez genuen uste hori dena etorriko zenik. Plaza publikoan gehien zabaldu den gure lana bada behintzat». Orain, egindako lan guztiaren ostean, argi dago aurtengo Korrika desberdina izango dela Hiru Damatxokoentzat. «Orain abestia oso entzuna dugu, muntaketarako askotan entzun behar izan dugulako… baina lehen aldiz prozesu guztia nolakoa den jakin dugu, eta jende asko ezagutu dugu. Beraz, seguru oso berezi gisa oroituko dugula».
HITZAkide HITZAkide