Europako Hizkuntzen Mapa kenduko dute egiatik, urtebete pasa eta gero. (Argazkia: Malen Aldalur)
Gaur kenduko dute Egiatik Euskarriak proiektuan egindako Europako Hizkuntzen Mapa;?Remigio Mendibururen eskultura bat jarriko dute bere lekuan. Bagera elkarteak eta udalak adostu dute beste mapa bat egitea, beste leku batean, elkarlanean.
Bagera elkarteak Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren barruan sortu zuen
Europako Hizkuntzen Mapa. Joan den urteko martxoan jarri zuten Tabakalera kanpoaldeko plazan, eta urtebeterako bertan egoteko baimena zuen. Hasieratik horrela zegoen aurreikusita.
Denbora pasa ahala, mapa ikono bihurtzen hasia zela ohartu zen Bagera elkartea: «Jaso ditugun aldeko iritziez gain, harrera oso ona izan du hirian, eta jende askorengan eragina izan du», nabarmendu du Bagerak. Beraz, mapa leku horretan mantentzeko eskaera egin zion udalari:?«Udalak, ordea, ez zuen behar zuen momentuan jaso maparen legatua gordetzeko eskaerarik, eta ondorioz, beste eskultura bat jartzeko eskaerari adjudikatu zion Nestor Basterretxea plazako horma hori [Remigio Mendibururen eskultura bati]», argitu du.
Miren Azkarate Kultura zinegotziak gogora ekarri du udalak ez zuela bere baitan hartu Euskarriak egitasmoa:?«Donostia 2016 eta Bageraren artean erabaki zituzten xehetasun guztiak. Udalari maparen egitasmoari iraupen luzeagoa emateko eskaera iritsi zitzaigunerako erabakita zegoen Mendibururen eskultura jartzea horma horretan. gainera, ez diogu inolako zentzurik ikusten zurezko mapa bat egurats gorrian edukitzeari».
Herenegun bildu ziren Bagerako kideak Azkaraterekin, eta akordio bat lortu zuten: «Bagera elkarteak maparen replika beste material batean egiteko aukerak begiratuko ditu, eta Donostiako Udalak haien egokitasun eta bideragarritasuna aztertzeko konpromisoa hartuko du. Materialen egokitasunaz, maparen neurriez eta aurrekontuez gain, erabakigarria izango da kokapena ere», adierazi du Azkaratek.
Beraz, aurreikusi moduan, gaur kenduko dute Egiatik Europako Hizkuntzen Mapa, eta hormairudia ere estaliko da. Bagera elkarteak eskerrak eman dizkie proiektuarekiko atxikimendua eta babesa adierazi duten herritar guztiei.