
Nagore Legarreta. (Argazkia: Batix Ezeiza)
Nagore Legarreta, argazkilaria
‘Hysteron’ da aurkeztu duen azkena; lata bat kamera moduan erabilita, emakumeen gorputzak eta mugimendua erretratatu dituen lana. Baina beste hainbat proiektu ere baditu abian
Ez dakit ‘Hysteron’-i buruz galdetu ala ez, dagoeneko asko hitz egin baituzu hari buruz hainbat mediotan.
Bueno,
Hysteron-en plazaratzea aurten amaituko dugula pentsatzen dut. Argazkiak egin ditugu, lata argitaratu dugu, emanaldia osatu dugu… Beraz, nik uste dut urtean zehar hainbat emanaldi egingo ditugula, eta kito. Nik dagoeneko badut gogoa gauza berriak egiteko.
‘Hysteron’ amaitutzat emango duzu, beraz?
Bai, niretzat faserik politena gauzak proiektatu eta sortzekoa da. Burututakoan, behin edo bitan aurkeztutakoan, gauza berriei ekiteko gogoa pizten zait. Ez zait gustatzen kontu berarekin bueltaka aritzea. Lan bakoitzak nire bizitzako sentsazio eta egoera konkretu batzuei erantzuten die, garai jakin batean bizitzen ditudanak. Eta
Hysteron-i dagozkionak dagoeneko atzean geratu dira niretzat.
Eta zeri ekiteko gogoa duzu orain?
Hysteron ikusten duenak nabarituko du nahiko lan iluna, introspektiboa dela, nik neure baitara bilduta egon naizen garai batean egindakoa. Eta uzkurtze garai baten ostean, askotan gertatzen den moduan, hedatze garaiak etortzen dira, ni orain hala sentitzen naiz. Jendearekin saltseatzeko gogoa dut, mugitzekoa, bidaiatzekoa… Koloretako argazkiak ere ateratzen ditut, pentsa…! Momentu honetan baditut hiruzpalau saltsa eskuartean, proiektu fasean daudenak.
Zeintzuk, jakin badaiteke? Ala oraindik sekretuak dira?
Ez ,ez, noski jakin daitezkela! Batzuk dagoeneko ezagunak dira nire inguruan. Urte batzuk daramatzat argazki bidaiak antolatzen, eta Indian tonto-tonto hasitakoa, gorpuzten ari da dagoeneko. Pospolo kaxarekin egindako kamera txiki bat erabiltzen hasi nintzen, argazki-filma barruan sartuta. Honek film bakarrarekin hainbat argazki egitea ahalbidetzen dit, Hysteron-eko latarekin posible ez nuena. Argazki bakoitzarekin lata ireki eta papera aldatu behar nuen, munduko edozein tabernatako komunetan. Sekulako aurrerapausua iruditzen zait!
Kameratxoa eskuz egina da, eta argia sartzeko zuloa jostorratz batekin egin nion. Batere doitasunik gabe, ezinezkoa da ezer enfokatuta ateratzea. Baina orain zulo hori aldatzen badidazu, akabo! Ez dut nahi, desenfoke horrekin nahi ditut argazki guztiak.
Aurten Indiara laugarren bidaia egingo dugu, nire asmoa da udarako serie bat finkatu eta edukia zehaztea. Ondoren hasiko naiz pentsatzen nola aurkeztu nahi dudan, zein formatutan, zein kolaboratzaile bilatu nahi ditudan… Hysteron-ekin egindako musika hirukote lateroaren moduan, badut beste xelebrekeria bat buruan, argazki hauekin bat datorrena nolabait.
Baina ez da eskuartean duzun saltsa bakarra…
Ez, ez da bakarra. Horrez gain, Urumean egindako argazki sorta bat ere badut. Horrenbeste bidaiatu ostean, banuen gogoa nire etxe inguruan apur bat sustraitzeko. Neure buruari erronka bat jarri nion: ea gai ote nintzen etxetik gertu eta oso ezaguna dudan zerbaitekin zeozer txukuna egiteko. Izan ere, gauza exotikoek segituan pizten zaituzte; baina askotan zailagoa izaten da gertuko eta egunerokotasuneko elementuekin zure burua liluratzea.
Nire galdera zen: Urumeak nola ikusten ote gaitu? Honetarako, argazki latak uretan sartuta egin ditut argazkiak, estenopoa [argia sartzen uzten duen zuloa] uretatik zentimetro gutxitara dagoela. Perspektiba erabat aldatzen da, ibaia ertzetik ikusita ala ibai barrutik begiratuta. Eta hori jaso nahi izan dut latak uretan jarrita. Proiektu hau ere nola aurkeztu nahi dudan pentsatzen ari naiz, zein lagunekin… Eta musikarekin, noski!
Eta besteren bat ere abian duzula badakit, zu ez zara-eta
geldirik egotekoa, ezta?
Ez naiz, ez…! Elodie Baffalio zuberotar piano jotzailearekin ere beste kontutxo bati bueltak ematen ari naiz. Hysteron erakusketa Hendaian jarri nuenean Elodie deitu zuten bertan jotzeko. Argazkiak ikusi zituenean, haien atmosfera asko gustatu zitzaiola esan zidan eta nire argazkietan oinarrituko zuela emanaldiko inprobisazioa.
Horren ostean kafetxo bat hartzeko elkartu ginen, eta argi zegoen elkarrekin lan egiteko eta inprobisatzeko giro bikaina dugula. Oraindik oso irekita dugu ideia, baina lau puntu finkatu ditugu inprobisaziorako oinarri moduan eta abian dugu elkarlanerako prozesua.
Eta honetaz guztiaz gain, zenbait ikastaro ematen dituzu gainera…
Bai, ez dira proiektu hauek nire mahaian janaria jartzen dutenak. Ez dut bekarik eskatzen ere, autofinantzatu egiten naiz. Neure buruaren bekaduna naiz ni, zer erremedio…!
Argazki ikastaroak ematen ditut, eta horri esker buru-belarri argazkilaritzan aritzen naiz era batera edo bestera, argazkilaritza pasio duen jendearekin inguratuta egunero.
Oinarrizko argazkilaritza ikastaroak eskaintzen ditut, argazki edizioaren ingurukoak, estenopeika tailerrak [objektiborik gabeko argazkilaritza, kaxa eta latekin egindako kamerekin egindakoa]… Eta duela urte batzuk Sormena eta Argazki Proiektuak lantzeko ikastaroa jarri genuen abian. Hau da esperimentalena, ez du zerikusirik duela zenbait urte egiten genuenak aurtengoarekin.
Ikastaro honek helburu jakin bat du ala irekia da, norbere sormenaren araberakoa?
Nire helburuetako bat, bakoitzak norbere buruarekin konektatu eta hori argazki bidez transmititzeko gaitasuna garatzea da. Hainbat ikaslek esan izan didate beraien argazkiak zeintzuk diren topatzen lagundu diedala, eta hori da esan diezadaketen gauzarik ederrena. Norbaiti bere estiloa eta argazkiak topatzen laguntzea, bere buruarekin konektatu eta zintzoki barruan duen hori kanporatzea, horri forma ematea, lor daitekeen gauzarik politena dela iruditzen zait. Gainera, ikastaroaren bukaeran aurkezten diren lan asko ikusi ondoren, zoratuta naukan esperientzia da.
Bizirik dagoen esperientzia bat da, eta ikusten ari naiz jendeak oso harrera ona egiten diola. Aurten Egiako Txondorra Kultur Elkartean ari gara burutzen, eta hortxe gabiltza, ikastaro amaierako lanak aurkezteko lekuren baten bila. Izan ere, aurtengoa talde bereziki indartsua da, ideia eta lan izugarriak ari dira sortzen. Adi egon, hor sortzen ari dena ez da-eta broma…