Revolution JamRock jaialdiak hiru egun izango ditu
Reggae eta hip hop festibala apirilaren 20, 21 eta 22an izango da Tabakaleran eta Gazteszenan.
Egun bateko festibala izatetik hirura pasako da Revolution JamRock reggae eta hip hop jaialdia. Hain zuzen ere, apirilaren 20, 21 eta 22an izango da Donostiako Tabakaleran eta Gazteszenan. Musikaz beteriko 17 ordu izango dira, eta sarrera erosten dutenek disko bat jasoko dute opari bezala.
Jaialdiaren seigarren edizioan, izen handiko artistak ariko dira Revolutionary Brothers antolatzaileek jakinarazi dutenez. Esanguratsuena, Protoje abeslari jamaikarra izango da, eta Indiggnation bandarekin batera ariko da Donostian. “Edizio hau garai berri baten hasiera izango da”, adierazi du Unai Martinez Revolutionary Brothers-eko kideak.
Festibalaren lehen egunean, aurreneko aldiz, JamRock Kulturala egingo dute. Beste bi egunekin alderatuta ezberdina izango da. Apirilaren 20an, 18:00etatik aurrera hitzaldiak, proiekzioak eta kontzertu akustiko bat ikusi ahal izango dira Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan.
Bigarren egunean, All Stars Showcase esperientzia errepikatuko dute, Donostiako Aste Nagusian egin ondoren. Apirilaren 21ean izango da, 22:00etatik aurrera Gazteszenan. Era berean, zuzenean ariko dira Hermano L, Tosko, Lasai, Irie Angel eta Revolutionary Brothers.
Hirugarren eta azken egunean, Protoje jamaikarrak eta bere bandak estatuko kontzertu bakarra eskainiko dute Donostian. Apirilaren 22an izango da, Gazteszenan (22:00). Eguneko kartela osatuko dute Dub Files, Sista Awa eta Sustrajah Band taldeek.
Sarrerak Donostia Kulturaren webgunean eskuratu daitezke.