Gazte bat, Egizu Gazte dinamikaren txaparekin.
Egizu Gazte lelopean Donostia euskalduntzeko erronkari eutsi diote hainbat gaztek. Korrika irauten duen egunetan euskaraz bizitzeko konpromisoa hartu dute, eta apustua egin dute: zenbat gaztek helduko diote Donostian bederatzi egunez euskaraz bizitzeko erronkari? Sare sozialetan, Twitter eta Facebook bidez ari dira apustuak egiten
#egizugazte traolarekin. Auzoz auzo sortu dira taldeak, eta gaur Korrikan hainbat pankarta eramango dituzte, euren egitasmoaren berri emateko. Txapa bat ere jantzi dute, euskaraz bizitzeko hautua egin dutenek.
Eneka Alvarez gazteak azaldu dio IRUTXULOKO HITZAri nola sortu den dinamika hau. Joan den abenduan Barañainen egin ziren Euskal Herri mailako gazte topaketetak. Hamabost bat lan talde sortu ziren, eta horietako batek euskara landu zuen. Alor guztietan alternatibak aztertzea zen helburua.
Egizu Gazte dinamikaren txapak.
Topaketa haietan donostiar batzuk baziren, bederatzi inguru. Indartsu eta motibatuta atera zirela azaldu du Alvarezek: “Pentsatu genuen Korrikako egunak izan zitezkeela aukera bat. Euskararen aldeko egitasmoak trikitixa eta festarekin lotu ohi dira, eta guk beste zerbait egin nahi genuen, desberdina. Egiako edo Añorgako eredua hartu genuen eredu gisa. Eta gainera, une horretan, Intxaurrondon ere beste dinamika bat lantzen hasi ziren, 20 orduko maratoiarena. Egitasmo horiek, ordea, auzo batzuetan egin dira, ez Donostia osoan, eta beraz gazte asko horietan parte hartzeko aukerarik gabe geratu dira”.
Gazte gisa eredu bera jarraitu zezaketela ohartu ziren, Donostiako Piratek joan den udan egin bezala. Eta aurrera egin zuten: Korrikak irauten duen egunetan euskaraz bizitzeko erronkari eustea erabaki zuten.
Bi helburu jarri dituzte: “Batetik, elkarrizketa elebidunak errealitate bihurtzea. Bestetik, gazteok gure artean konturatzeko ohitura txarrak ditugula barneratuta. ‘Euskaraz ezin da bizi aurrekoak ez dakielako’, esaten dugu. Gure belaunaldian hori ere badaukagu, baina hizkuntza ohitura kontua ere bada”, adierazi du Alvarezek.
Badakite ez dela erraza izango: “Bederatzi egunez euskaraz bizitzea ez da erronka makala. Donostia hiriburu euskaldunena da, eta halere zaila da. Gure helburua da ahalik eta jende gehien batzea gure dinamikara. Zenbat jendek egingo duen Korrika bukatzen den egunean esango da”.
Korrikaren egunetan euskaraz bizitzeko erronka zerbaiten hasiera dela uste du Alvarezek: “Udaran beste zerbait egingo dugula uste dugu.
Egizugazte lelopean gauza gehiago egitea aztertu nahi dugu, horrelako egitasmo gehiago egiteko”.