Euskaraz bizitzeko eskubidea
Ezagutzen al ditugu euskararen erabilera normalizatzeko arauak? Bagera elkarteak #Bageralakonor izeneko kanpaina abiarazi du, donostiarrak euren hizkuntza eskubideez jabetu eta eskubide hauen urraketak salatzeko.
Elkartearen 25. urteurrena ospatzen ari dira aurten: “Hilero gai bat euskaratik lantzea erabaki genuen, martxoko gaia parekidetasuna izan da eta hizkuntza eskubideetan ere berdintasuna aldarrikatzeko baliatu dugu aukera”. Herritarrak aktibatzeko beharra ikusi dutela azaldu du Bagera elkarteko Zuriñe Gonzalezek. “Pixka bat apaldu egin garela uste dut eta alerta piztu nahi genuen”. Izan ere, uste du maiz “ohitu edo”, egin garela espazio publikoetan, esaterako, kartelak gaztelania hutsean irakurtzera edo arreta zerbitzuetan gaztelaniaz erantzutera. “Geure eskubideak ezagutu behar ditugu, eta urratzen dituztenean salatu”.
Baina zeintzuk dira ditugun hizkuntza eskubideak? Donostiako Udalak hainbat arau eta jarraibide ditu hizkuntza eskubideak bermatzeko.
Hauek dira horietako batzuk: Euskarari lehentasunezko tratamendu berezitua ematea; diruz lagundutako jarduerak eta bide publikoan egiten diren jarduera baimendu guztiek euskarari lehentasuna ematea; udal administrazioarekin zuzeneko, nahiz telefono bidezko harremanak, euskaraz egin ahal izatea; mapetan, planoetan, diruz lagundutako eta babestutako jardueretan, karteletan eta publizitatean euskara lehenestea; eta herritarrek udalarekin beraiek aukeratutako hizkuntza ofizialean jardun dezaketenez, udalarekin harremana euskara hutsean eduki izan dezaten, hiritarren aukera bermatzeko neurri egokiak hartzea.
Hainbat dira Donostian euskaraz bizi ahal izateko udalak jarraitu behar dituen jarraibideak. Horiei esker, hiriko kale eta bazter ugaritan ikusten ditugu kartelak bi eletan edo hitz egiten dugu udaleko hainbat langilerekin euskaraz. Hala ere, Gonzalezek uste du, oraindik, badaudela zirrikitu eta arrakalak:?”Udala askotan ez da denera iristen eta horregatik iruditzen zaigu garrantzitsua hiritarrak aktibatzea”. Adibide bat jarri du: “Imajinatu zirku bat datorrela hirira; zirko horrek espazio publiko bat okupatuko du Donostian, beraz, bertako hizkuntza irizpideak bete behar ditu. Hala ere, normalean, kartelak gaztelania hutsean ikustera ohituak gaude”.
Gonzalezek azaldu du gauza hauek gertatzen direnean, normalean ez dela neurririk hartzen:?”Jarduerak espazio publikoan direnean, edo diru publikoz lagunduak daudenean, berez, neurriak hartu behar dira, adibidez laguntzak kendu. Baina halakoak ez dira inoiz gertatzen”. Gonzalezek uste du kasu hauetan jarraitu beharreko pauso batzuk markatuak egon arren, maiz, ez direla kontuan hartzen.?”Gure helburua da kexa asko jasotzea eta prezioa egitea norabide horretan neurriak hartzeko”.
Hernaniko Udalaren adibidea jarri du: “Hernanin, adibidez, azoka dagoenean beraiek arduratzen dira guztia euskaratzeaz”. Uste du Donostiaren kasuan udaleko euskara zerbitzuak eman beharko lituzkeela erraztasunak, adibidez, hirira datorren zirkuaren kartelak euskarara itzultzeko.
Norabide horretan pausoak emateko ordua dela uste du Bagera Euskaltzaleen elkarteak eta horregatik #Bageralakonor kanpainaren barruan donostiarren hizkuntza eskubideak biltzen dituen eskuorri batzuk banatu dituzte. Bertan, eskubideez gain hizkuntza eskubideen urraketaren aurrean zein bide hartu daitezkeen ere azaltzen dute.
Eskubide urraketak
Hainbat aukera daude hizkuntza eskubideen urraketak salatu ahal izateko. Udalarekin lotura izan dezakeen edozein kartel, ohar, inprimaki edo erakundetan hizkuntza eskubideak urratzen badira udalean bertan erregistratu daiteke kexa. “Udalera joan eta inprimaki bat bete behar duzu zure hizkuntza eskubideak urratuak zergatik izan diren azalduz; gomendagarria da paisaia linguistikoari dagokion kexa bat bada behintzat argazki bat ere eramatea”, Azaldu du Gonzalezek. Ondoren, udalak urraketa egin duen enpresari edo erakundeari bideratuko dio kexa hori.
Bestalde, 2015ean Akuilari izeneko mugikorrerako aplikazioa ere sortu zuen Behatokiak. Aplikazio honen bitartez ere kexak bidali daitezke: “Akuilari-k, modu oso errazean zure hizkuntza eskubideak urratuak izan direla salatzeko aukera eskaintzen dizu”. Kasu horretan Behatokiak kudeatzen ditu kexak, eta bera arduratzen da oztopoa jarri duen enpresa edo erakundeari jakinarazten; ondoren, erakundearen edo enpresaren erantzuna birbidaltzen dio erabiltzaileari.
Bagera elkarteak bide horretan laguntzaile izan nahi du, beraz, beraien bulegora joanda ere kexa jartzeko aukera eskaini nahi dute: “Norbaitek kexatu nahi badu baina ez badu bere izenean egin nahi Bagera elkartera etorri daiteke eta bertatik bideratuko dugu kexa”. Bestalde, edonork bere hizkuntza eskubideak urratuak izan direla sentitzen badu, baina ez badaki zer egin, beraiek laguntzeko prest daudela azaldu dute. Gonzalezek dio kanpaina abiatu zutenetik, hiru dei izan dituztela eta pertsona bat etorri zaiela elkartera informazioa eske. Pozik daude jasotako erantzunarekin. Izan ere, erakundeen eta herritarren arteko lankidetzaz, Donostian euskaraz bizitzeko eskubidea bermatu nahi dute.
Hobetzeko lanean
Donostiako udalean, iaz, guztira 58 kexa erregistratu zituztela azaldu du udalak: 24 Behatokiaren bidez; bat Elebide herritarren hizkuntz eskubideak bermatzeko Eusko Jaurlaritzaren Euskara Sailaren bitartez; bi euskara zerbitzuak ofizioz; eta 31 bestelako bideetatik, adibidez, euskara zerbitzuaren posta, herritarren postontzia edo aurrez aurreko kexak.
Donostiako udalak hizkuntza eskubideen urraketarik gertatu ez dadin hainbat konpromiso hartzen ditu; besteak beste, kexak erregistratu eta bideratu egiten dizkio dagozkion erakundeari, entitateari edo departamentuari: “Udalaren aldetik, urraketa bat gertatzen denean, aurrerantzean halakorik berriro gerta ez dadin udal departamentuekin elkarlanean aritzen gara, jarraibideak gogoraraziz eta udal langileei behar duten laguntza eskainiz”. Bestalde, herriko establezimentu eta eragileei begira ere, hizkuntza jarraibideak eta Euskara zerbitzuen laguntzak ezagutzera emateko informazioa zabaltzen da. Azaldu dute gaiak duen garrantzia ikusita euskara zerbitzua etengabe aritzen dela horretan lanean.




