Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira, hainbat jarduera egingo dituzte apirilaren 23an.
Donostia Kulturako zuzendari-kudeatzaile Jaime Otamendi eta Liburu saltzaileen elkarteko presidente Andoni Arantzegi, Liburuaren Nazioarteko Egunaren aurkezpenean. (Argazkia: Lide Ferreira)
Hilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko dute. Gipuzkoa Plaza izango da topagune nagusia, eta bertan, hainbat jardueraz gain,
Liburu denden elkarteak hamalau standez osatutako Liburu Azoka bat jarriko du egun osoan zehar,
9:30etik 21:00etara. Donostia Kulturako Liburutegi Zerbitzuak, gainera, informazio gune bat izango du azokan, liburutegiek eskaintzen dituzten zerbitzuak eta argibideak emateko. Hurbiltzen direnentzako Jokin Mitxelena ilustratzaile donostiarrak egindako orri markagailuak egongo dira eskuragarri. Berritasunen artean,
Book Box izeneko liburutegi bat jarriko dute Gipuzkoa plazan, herritarrek liburuak trukatu ditzaten.
Jarduerei dagokienez, nabarmentzekoa da 12:00etan egingo dutena. Haurrak KontuKantoi taldearen
Bazen noizbait, nonbait, norbait ikuskizuna taularatuko da, eta haur irakurleen sari banaketa egingo dute. Hain zuzen ere, 2016. urtean liburutegi sare osoko mailegu zerbitzuetan
liburu gehien hartu zituzten hamar haur sarituko dituzte. Bakoitzari 30 euroko txartela emango diete, Donostiako liburu dendetan liburuak erosteko.
Ibilbide literarioa
Aurten, Liburuaren Eguna igandean izango da, eta jai eguna dela baliatuz, goiz osorako irteera literario bat antolatu dute Pasaiara, 10:00etan. Bitartean, Gipuzkoa plazan, 11:00etatik 12:00etara, Literatura Unibertsala bildumako
Gulliverren bidaiak lanaren lehenengo argitalpenaren
irakurketa publikoa eskainiko dute, ingelesez eta euskaraz, liburuaren itzultzaile Iñaki Mendigurenen eskutik. Eguna Joseba Irazokiren kontzertuarekin amaituko da, 19:00etan.
Jarduera horietaz gain, hilabetean zehar beste hainbat ekitaldi egingo dituzte Donostia Kulturaren guneetan.
Apirilaren 28an, adibidez, Antzoki Zaharrean Itzal Zaunka izeneko kontzertua eskainiko dute. Jexuxmari Lopetegi eta Noizbehinka Bandak
Harkaitz Cano eta Antton Olariagaren Itzal Zaunka disko liburua taularatuko dute.