Lepo betetzen ziren garai batean hiriko hainbat frontoi, pilotaren bueltan; Atano III.a eta Karmelo Balda dira egun profesionalen aterpe, eta norgehiagoka eta omenaldi bat baino gehiagoren lekuko izango dira datozen hilabeteetan.

Jai Alai frontoia. (Argazkia: Fototeka)
Garai batean frontoi garrantzitsu asko izan zituen Donostiak, eta jendetza biltzen zen haietan goi mailako partidetaz gozatzeko. Bereziki, 1940ko eta 1960ko hamarkaden bueltan izan zute arrakasta: Urumea, Jai Alai [goiko irudian], Beti Jai, Atotxa, Maitea, Gros… baina gutxinaka desagertuz joan ziren, hainbat arrazoi tarteko. Egun, Atano III.a da profesional mailako partidak hartzen dituen hiriko frontoi bakarra, esku huska; Karmelo Balda, berriz, zesta punta, erremonte eta pala partiden lekuko izaten da.
1963ko uztailaren 17an ireki zuten egungo Atano III.na, Anoeta izenarekin. Aurrerago aldatu zioten izena, 1995ean eraberritu ostean, Mariano Juaristi txapeldun handiaren omenez. Sona handia hartu zuen, bertan jokatutako esku pilotako txapelketetako finalengatik. Pixkanaka, ordea, gainerako euskal hiriburuetan pilotaleku modernoagoak eraiki dituzte, eta, aforo kontuak tarteko, final asko horietara eraman dituzte. Karmelo Baldak, berriz, Andoaingo pala jokalaria zenari zor dio izena. Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioaren sortzaile eta presidente izan zena. Udan maiz zesta puntako txapelketen finalak jokatzen dituzte han.
Argi dago, ez dira garai batekoak, baina bizirik diraute, eta horren lekuko dira laster haietan jokatuko diren norgehiagokak.
Omenaldiak eta txapelketak

Herriarteko txapelketaren aurreko urte bateko finala. (Argazkia: Lide Ferreira)
Abel Barriola Leitzako pilotariak Atano III.ean jokatuko du bere ibilbide profesionaleko azken partida, 38 urterekin. Hemeretzi urteko ibilbidea egin du, eta abenduaren 2an jakinarazi zuen erretiratzea erabaki zuela. Hasieran, 2016ko abenduaren 2an iragarri zuen Aspek atzelariaren agurra, Iruñeko Labriten, baina jasotako erantzunak txiki utzi zuen frontoia. Horregatik, maiatzaren 7ra atzeratu zuten agurra, eta Donostiara ekartzea erabaki zuten. Edonola, Labriten ere jokatu zuen agur partida, apirilaren 18an. Iker Irribarria izan zuen bikotekide ordukoan, eta 16-22 galdu zuen, Altuna III-Merino II bikotearen aurka.
Atano III.a maitea izango du, noski, Barriolak, izan ere, buruz buruko txapela han jantzi zuen, 2002an, Belokiri 22-3 irabazita. Gipuzkoako Pilota Federazioak, Asperekin eta Abel Barriolarekin elkarlanean, guztia prest du maiatzaren 7rako. Sarrerak agortu berri dira, beraz, harmailetako giroa ziurtatua egongo da. Oraindik ere erabaki gabe dago nortzuk jokatuko duten jaialdia, baina Altunak eta Irribarriak parte hartzea nahi dute.
Beste hitzordu garrantzitsu bat ere izango dute laster hiriko frontoiek; Gipuzkoako I. Pilota Eguna. Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak antolatu du, maiatzaren 21erako. Jendartean pilota ezagutaraztea du helburu, eta klubek eta federazioak egiten duten lanaren berri ematea. Hainbat frontoi erabiliko dituzte: Atano III.a, Karmelo Balda, Gaskako trinketea eta Gaskako atzeko frontoia. Horrela, jokamolde desberdinetako partidak antolatuko dituzte. Gainera, frontoi mugikor bat ere jarriko dute, bisitarien gozamenerako. Arratsaldean izango da pilotari profesionalen txanda. Horrela, Atano III.ean, Buruz buruko txapelketako 3. eta 4. postuetarako partida jokatuko dute, besteak beste. Jaialdia hasi aurretik, omenaldia egingo diete herri eta klub desberdinetan euskal pilotaren alde urteetan lanean aritu diren lagunei.
Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa ere hastear da. Maiatzaren 7an abiatuko da, eta, Donostiak, aurreko urteetan bezala, hiru modalitateetan hartuko du parte. Guztira, 21 herri arituko dira eskuzko lehian; zortzi, palan; eta, hiru, zesta puntan. Horretan ere, Atano III.a eta Balda izango dira norgehiagoken eszenatokiak.