Santa Klarako itsasargian lan artistiko bat egingo du Cristina Iglesiasek
Cristina Iglesias eskultore donostiarrak obra artistiko bat egingo du Santa Klara irlako itsasargian. 2016ko Urrezko Danborra jaso zuen artistak, lana dohaintzan eman nahi dio bere sorterriari. Obra modu iraunkorrean egongo da itsasargiaren eraikinean.
Iglesiasek leku berezi bat eskultura baten bidez berreraikitzeko asmoa zuen, eta horrela sortu da itsasargiko aukera. Artistak hautatu zuen lekuak, naturaren babesarekin eta urarekin duen loturarengatik.
Donostiako Udalaren esku utzi du Pasaiako Portuko Agintaritzak itsasargiaren erabilera eta kudeaketa. Aurrerantzean, itsasargia eskultura publiko bihurtuko da. Hain zuzen, barneko iturri bat egingo da, Kontxako badiako itsas hondoa artistikoki irudikatuko duena, eta itsasaldiek eragindako aldaketak islatuko dituena.
Obraren bidez, Iglesiasek balioa eman nahi dio hiriko gune publikoari, barnealde babestu batean eta kanpoaldeari gutxieneko kaltea eraginda.