Gure Esku Dagoren erabakitze eskubidearen olatuarekin bat eginez, Zubiartean taldeak galdeketa egingo du etzi, Zubietan. Herritarren parte hartzea dute helburu.
Maiatzaren 7a egun garrantzitsua izango da Zubietako biztanleentzat. Euskal Herriaren etorkizunaz erabakitzeko galdeketa egingo dute, Gure Esku Dago egitasmoaren azken olatuarekin bat eginez. Beste herriekin alderatuta, Zubietako kontsulta desberdina izango da. Aurreneko aldiz zubietar bezala parte hartuko dute. Izan ere, herritarrak Usurbil edo Donostian daude erroldatuta. Igandean, ordea, zubietarrak izango dira iritzia ematerako orduan.
Zubiartean taldearen bidez antolatu dute kontsulta Zubietan. «Prozesua arrapaladan egin dugu. Urtarrilean erabaki genuen martxoan abian jartzea herri kontsulta», azaldu du Maialen Iñarra Zubiartean taldeko batzorde sustatzaileko kideak. «Martxoa amaieran 30 bat herritar bildu ginen, eta kontsultaren galdera zehaztu genuen». Hain zuzen ere, igandean, ondoko galderari erantzungo diote herritarrek:
Euskal Herri independente bateko herritarra izan nahi al duzu?
Zubietan, ordea, galdeketa ezberdina izango da. «Hautaturiko galderan ere islatu nahi genuen zubietar bezala goazela erabakitzera», azpimarratu du Iñarrak. Hori dela eta, galderaren aurretik aitzin solas bat jarri dute. «Gure etorkizuna erabakitzeko bidean lehen pauso bezala ulertzen dugu igandeko herri galdeketa».
Gure Esku Dago egitasmoa lanean hasi zenetik, Usurbilen parte hartu zubietarrek. «Usurbilen galdeketa egitea erabaki zutenean, ikusi genuen gure momentua ere iritsi zela. Horrela, Zubietaren izenean kontsulta egitea erabaki genuen», azaldu du Iñarrak.
Protokoloaren bidetik
Galdeketaren zilegitasunari begira, apirilean Berme eta Jarraipen Batzordeak aurkeztu zituzten. Berme Batzordeari dagokionez, Olatz Altuna, Lourdes Furundarena eta Itsaso Gonzalez legelari zein politologoek osatuko dute. Jarraipen Batzordea, aldiz, lau kide izango ditu: Gabino Jauregi, Belen Zudaire, Maria Jesus Bengoetxea eta Haritz Illarramendi.
540 herritar inguru ditu Zubietak, eta horietatik 16 urtetik gorakoak 450 bat dira. Horiek dira igandean iritzia eman ahal izango duten herritarrak. Dena dela, aurretiazko botoa emateko aukera ere eman zuen Zubiartean taldeak. Herenegun, hilak 3, Elizako arkupean izan ziren taldeko kideak, aurrez iritzia eman nahi zutenenen botoak jasotzen.
Herri txikia izanik, abantaila bat dutela uste du Iñarrak: «Herri txikietan herritarrak mobilizatzea eta partaidetza sustatzea errazagoa da». Ordea, ez da ausartzen zenbateko parte hartzea den espero dutena. «Iritzia eman dezaketenen erdia gainditzea, gutxienez, espero dugu», dio Zubimendik.
Igandea jai egun bezala hartu nahi dute: «Hasi dugun prozesuaren egun garrantzitsuena da», azpimarratu du Arantzazu Zubimendi Zubiartean taldeko kideak. «Parte hartze polita osatzeko moduan izango garelakoan gaude». Izan ere, Zubiartean taldearen helburua partaidetza sustatzea da. «Erantzuna baiezkoa edo ezezkoa izatea ez zaigu horrenbeste inporta; herritarrek iritzia ematea da xedea».
Egitarau zabala
Maiatzaren 7ko ariketa demokratikoa behar bezala ospatzeko, egun osoko egitaraua prestatu du Zubiartean taldeak. Goizeko 9:00etan txupinazoa piztuko dute plazan, eta hauteslekua irekiko dute. 11:00etan, berriz, bizikleta martxa egingo dute herria eta herritarrak esnatzeko. Haurrentzako eskulanak eta jolasak ere izango dira (12:00).
Herri bazkaria egingo dute 14:00etan, eta ondoren, lore-eskaintza egingo diete amei. Mus txapelketa ere ez da faltako parte hartu nahi dutenentzako. 16:30ean hasiko da. Ordu erdi beranduago, Ttipika Dantza gidatuen emanaldia izango da herriko plazan.
Partaidetza datuak eguneko hiru momentutan eskainiko dituzte: 12:30ean, 15:00etan eta 17:00etan. Azkenik, 20:00etan itxiko dute hauteslekua eta botoen zenbaketa egingo dute. Ordu erdi geroago, galdeketaren emaitzak eman eta Batzorde Sustatzaileak bere iritzia emango du.
Maiatzaren 8tik aurrera, Zubiartean taldeak lanean jarraituko duela adierazi du Iñarrak: «Bide bat irekitzen da igande honetan. Gure aldarrikapena, herri aitortzarena da. Ez gara usurbildarrak edo donostiarrak sentitzen, zubietarrak gara. Horregatik, bide horretan lanean jarraitzeko gogotsu gaude».