Lourdes Txikiko zuhaitz mozketa salatu du Haritzaldek. (Argazkia: Haritzalde)
Polemika piztu du Lourdes Txikira bidean dagoen berdegunean egin duten zuhaitz mozketak. Apirilaren 26an salatu zuen Haritzalde Naturzaleen Elkarteak “zuhaitz mozketa basatia” egin zutela. Zuhaitz mozketen inguruan azalpenak emateko eskatu dio Haritzalde Naturzaleen Elkarteak Enrique Ramos hirigintza zinegotziari. Zuhaitz mozketa “premiazkoa eta larritasun handiko segurtasun neurri bat” izan zela azaldu du Ramosek.
Haritzalde Naturzaleen Elkarteak azaldu du gezurretan ari dela Enrique Ramos, hirigintza zinegotzia.
“Larritasun handikoa zela esan dute baina arazo hori aspalditik zegoen”. Haritzaldeko kideak azaldu du Ekintza ikastolak urteak zeramatzala luizi eta zuhaitzen zein adarren arriskuekin kexatzen eta askotan eskatu izan diola udalari arazoa konpon zezan. Duela lau urte zuhaitz edo adar handi bat erori zen ikastolako pilotalekuaren teilatura, eta udalak “irtenbide kaxkar bat” eman ziola uste du Santosek: “Kable batzuekin lotu zituen zuhaitzak”. Horregatik, uste du zuhaitz mozketa ez zela premiazkoa: “Lau urtean ezer gutxi egin dute”.
Bestalde, Haritzalde salatu du ehun urtetik gorako zuhaitzak moztu dituztela. Ramosek aldiz, gezurtatu egin du, eta are gehiago haserrarazi ditu horrek Haritzaldeko kideak. “Nola esan dezake halakorik? eraztunak banan banan zenbatu ditugu eta zuhaitz batzuk ehun urtetik gora dituzte eta beste batzuk ehun urtetik oso gertu daude”. Gainera, azaldu dute 1945. urteko argazki bat aurkitu dutela, eta, bertan, Lourdes Txiki basoko goi aldean zuhaitzak ageri direla. Udal planteamenduak basoa babesten zuen balio ekologiko zein paisajistiko handiengatik, eta zuhaitz mozketaren ondoren babes maila aldatzearen beldur dira Haritzaldeko kideak. Bestalde, Gipuzkoan nahiko urriak diren Haritzak moztu izana ere salatu dute.
Gaiaren inguruko erreportajea argitaratuko du ostiralean IRUTXULOKO HITZAK.