Ostiralean estreinatuko dute Juanba Berasategik zuzendutako azken lana
Juanba Berasategi duela hilabete hil zen gaixotasun baten ondorioz, eta eginda utzi zuen bere azken filma, Nur eta herensugearen tenplua animaziozko euskarazko filma. Datorren ostiralean, ekainaren 2an, estreinatuko dute Saderen zine aretoetan. Joan den larunbatean zenbait ikuslek filma primizian ikusteko aukera izan zuten, aurre estreinaldia egin baitzuten Donostian.
Berasategik 1985ean sortu zuen animaziozko lehen film luzea, Kalabaza Tripontzia. Aurrez ez zen halako pelikularik egin, ez euskaraz eta ez gazteleraz, eta zinema-zuzendari pasaitarrak euskararen aldeko hautua egin zuen. Duela hiru urte, berriz, Toti Martinez de Lezea idazlearen Nur ipuin bilduma arrakastatsuaren atal bat aukeratu eta pantaila handira eramateko erronkari heldu zion. Nur neskatxaren istorioaren berri emango du pelikulak. Gurasoekin Txinara joan eta jolas-parke erraldoi batean lagun baten urtebetetzea ospatzen ari diren bitartean, egun horretako protagonista desagertuko da.