Zipotz jaietako haur danborrada. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Urrats aisialdi taldea arduratu izan da Zipotz jaietako haurren egitarauaz, orain arte. Iaz, ordea, gurasoei deia egin zieten, laguntza eskatuz, eta ideia aurrera doala dirudi. Horrela bada, ahoz aho eta eskuko telefonoaren bidez mezua zabaldu ostean, bilera irekia egingo dute ostiralean, 19:30ean, auzo elkartean. «Lanketa buru askoren artean osatzea da helburua», dio Ibon Etxeberria gurasoak.
Zipotz jaiak uztailaren 13tik 16ra izango dira aurten, eta egitaraua ixten ari dira. Azken batean, Urrats aisialdi taldeaz gain, haurren egitaraua osatzeko lagun gehiago egotea nahi dute: «Ez dugu sekulako zabalpena egin, baina zazpi lagunek bilerarako baiezkoa eman dugu ziur. Jende berria etortzen bada, askoz hobeto».
Azken urteetan haurrentzako antolatu izan dituzten jarduerekin jarraitu nahi dute aurten ere, baina gauza berriak antolatzea ere buruan dute. Horrela, ez dira faltako umeentzako antzezlanak, erraldoi eta buruhandiak, txokolate jana, xake txapelketa, danborrada eta zezen suzkoa, besteak beste. «Haurren danborrada niri asko gustatzen zait. Urtebeteko haurrak ere ateratzen dira, danborra ezin eutsi, eta oso polita izaten da», dio Etxeberriak.
Helburua da nahi dituzten jaiak antolatzea, Groseko jaiak bizi dituzten guztien artean: «Denek lan egin behar dugu, nahi dugun jai eredu hori lortu ahal izateko».