Gero eta gehiago dira hirian dauden pisu turistikoak, eta, horrek hiriko alokairuak garestitzea ekarri du. Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak hainbat proposamen egin ditu egoera arautzeko.

Udara gerturatzearekin batera handitu egin da Parte Zaharrean dabilen turista kopurua. (Argazkia: Malen Aldalur)
Hiria garestitu du turismoak. 2016an %17 egin du gora alokairuak; turismo gehien duten auzoetako tabernetako eta saltokietako prezioek gora egin dute; eta bizilagun askorentzat beraien auzoan bizitzea sostengaezina bihurtu da. Etxebizitza eskubidea urratzen ari direla uste du Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak. Izan ere, salatu dute etxebizitzekin espekulatzen ari direla: “Etxebizitzei erabilera komertzial bat ematen diote erabilera sozial bat eman beharrean”.
Hiriko alokairuen mapak bilakaera nabaria izan du azken urtean, eta, horren oinarrian pisu turistikoak daudela uste dute. Zifra ziurrik ez dagoen arren, hirian guztira 2.000 pisu turistiko daudela azaldu du Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak. Horietatik 1.219 ageri dira Airbnb-n, etxebizitza pribatuak alokatzeko orrialdean. Gainera, esan du asko direla egunero beraien etxebizitza pisu turistiko bihurtzeko udalean jasotzen dituzten eskaerak: “Maiatzaren 4an, esaterako, udalean jaso ziren eskaera kopurua eskatu genuen. Bederatzi edo hamar jaso zituzten egun bakar batean”. Egoera kezkatzekoa dela uste du EH Bilduk.
EAJk ere badu kezka. Juan Ramon Viles EAJko zinegotziak uste du turismoaren alde onak kontuan izan behar badira ere, ez dela ahaztu behar donostiarrek hiria bere sentitu behar dutela: “Donostiarrek eroso bizi behar dute euren hirian, donostiarrok egiten baitugu egunez egun Donostia”. Ados dago Miren Albistur PPko zinegotzia ere. Uste du turismoaren gaian oreka lortzea ezinbestekoa dela: “Turismo modalitate berri bat daukagu eta garrantzitsua da donostiarrok ondo egon ahal izateko oreka bilatzea”.
Dena den, Irabazik eta EH Bilduk uste dute arazo bakarra ez dela pisu turistikoen hazkundea, izan ere, pisu horietako asko lizentziarik gabe daude. Efecto Airbnb ikerketaren arabera, webgune horretan aurkitzen diren Donostiako 1 .219 iragarkietatik %13k soilik dute lizentzia. Amaia Martin Irabazi Donostiako zinegotziak gaineratu du hirian dauden pisu turistikoen %75 udalaren lizentziarik gabe dagoela. Baina zein baldintza behar ditu pisu batek lizentzia lortzeko? Burutaranek esplikatu du pisu turistiko bat legala izateko bi baimen behar direla, Eusko Jaurlaritzarena eta udalarena: “Pisu turistiko askok Eusko Jaurlaritzaren baldintzak betetzen dituzte eta haren lizentzia dute; baina gure araudiak dio udalaren baldintzak ere ezinbestean bete behar dituztela; eta badirudi hori batzuek ez dutela ulertu nahi”.
Albisturrek ere araua ez betetzean ikusten du arazorik larriena: “Ez da egoera erraza, baina arauak hor daude eta udala ez da arauak betetzen ari”. Donostiako egoera ez dela inguruko herrietan ematen uste du Albisturrek.
Euskal Herrian pisu turistiko gehien biltzen duen hiria da Donostia; eta horrek, alokairuen prezioa garestitzeaz gain, aldi baterako alokairuak sustatzen dituela uste du Burutaranek. Efecto Airbnb ikerketaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoan pisu turistiko gehien biltzen dituzten lehen hiru auzoak Donostiakoak dira: Parte Zaharra, Gros eta Antigua.
“Jendeak bederatzi hilabeteko alokairuak eskaintzen ditu, gero udaran pisu turistiko gisa alokatu ahal izateko”, azaldu du Burutaranek. Horrek, auzotarrei kalteak sortzen dizkiela uste du: “Bertan bizi nahi baduzu urte guztirako behar duzu pisua eta ez hilabete batzuetarako soilik”. Hori dela eta, pisuan bertan jarraitu nahi dutenei urtean zehar gehiago ordaintzera behartzen dietela salatu du. “Gaur egungo soldatekin nola ordaindu behar ditu jendeak hain alokairu garestiak?”, galdetu du.
Nola legeztatu?
Vilesek uste du plangintza dela bidea: “Donostia Turismoren 2017-2020 plan estrategikoa izango da ardatza. Plan hori erakundeek eta turismo sektoreko eragileek osatu dugu”. Horrekin batera, uste du beharrezkoa dela araudiak egokitu eta betearaztea. Turismoaren plan berria eraikitzerakoan interes ezberdinen arteko oreka kontuan izan beharko dela uste du Albisturrek, eta horretan indarrak jarriko dituztela azaldu du.
Dena den, udalak egoera erregulatzeko gauza gehiago egin ditzakeela uste dute PPk, Irabazik eta EH Bilduk. Besteak beste, arauak bete. “Hortik aurrera ikusten ari gara daukagun araudia ez dela nahikoa izango egoerari aurre egiteko”, esan du Burutaranek. Bestalde, azaldu du ondo ikusten dutela pisu turistikoak murriztea Parte Zaharrean, Erdialdean, Grosen eta baita Antiguan ere. “Antiguan gero eta gehiago dira pisu turistikoak”. Horiek dira hain zuzen turismoak gehien kaltetu dituen hiriko auzoak. Martinek ere uste du beharrezkoa dela ordenantza betearaztea, eta beste hainbat hirietan egin dituzten proposamenak aipatu ditu: “Pisu turistikoetan egin daitekeen egonaldiaren iraupena mugatu; zona batzuetan etxebizitza gehiago egitea debekatu; eta horietarako baldintzak eskatu”.
Vilesek uste du turismoari modu egokian aurre egiteko beste neurri bat dela tasa turistikoa. Horrek, hiriaren zainketari eta eskaini beharreko zerbitzuei aurre egiteko finantzazioan lagunduko lukeela uste du: “Tasa turistiko baten beharra ikusten dugu, eta udalek izan beharko genuke hori jasotzeko eta kudeatzeko eskumena. Eskaera hori helarazi diogu Jaurlaritzari, une honetan berea baita ardura”.
Etxebizitzen arazoa alokairutik harago doala uste du Burutaranek, izan ere, hainbat enpresa etxebizitza bloke osoak erosi eta pisu turistiko bihurtzen ari direla ohartarazi du. Legazpi kalean eta Abuztuak 31 kalean dagoeneko halako etxebizitza blokeak daudela esan du. Hauek arautzea oraindik zailagoa izango dela dio, ez baitago inolako ordenantzarik hauek erregulatzeko.
Hotel gehiago
Etxebizitza blokeak, nolabait, hotel bihurtu nahi dituztela azaldu du Burutaranek. Gaur egun, hirian 9.100 oheko eskaintza dago hotel, hostal eta albergeak kontuan hartuta; eta, Airbnb-ren webgunean, berriz, 4.553 ohe eskaintzen dira. Datozen urteetan eraikitzea aurreikusten duten hotel kopuruarekin 1.200 ohe gehiago egongo direla azaldu du Efecto Airbnb ikerketak.
Baina beharrezkoa al da hotel gehiago eraikitzea? Albisturrek azaldu du 2012-2016 turismo planean aho batez onartu zutela alderdiek hirian hotel gehiago behar zirela. Martinek, aldiz, azpimarratu du Donostian 4.000 etxebizitza huts daudela, etxebizitza guztien %4,4: “Holandan adibidez soilik %1,5 daude hutsik”. Uste du badagoela nondik ikasia eta gogorarazi du auzotarrak beraien auzoetan bizitzen jarraitu ahal izateko neurriak hartu dituztela antzeko egoeran dauden hirietan.
Horixe da hain zuzen Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak eskatzen duena, bizilagunek auzotik alde egin behar ez izatea. “Parte Zaharrean arazoak baditugu turista gabe, turista kopuru altuarekin are arazo gehiago ditugu”, dio Rafael Azkona Parte Zaharrean Biziko kideak. Turistek kalte zuzenak eta zeharkakoak sortzen dituztela azaldu du Azkonak: «Zuzeneko kalteak dira, esaterako, pisuak garestitzea”. Pisu turistikoak ugaritzean bizilagunek auzotik alde egin behar izan dutela azaldu du: “Izan ere, pisuen prezioa asko igo dute, eta, gainera, denboraldi baterako soilik alokatzen dituzte etxebizitzak”. Bestalde, horrek hainbat albo kalte sortzen dituela ere ohartarazi du Azkonak: “Auzoan turista asko daudenez, turistei egokituta prezioak jarri dituzte taberna eta saltokietan”. Uste du oporretan dagoen jendea egun gutxi batzuk pasatzera etortzen denez prest dagoela gehiago ordaintzeko, “baina zer gertatzen da gurekin?”.
Europako hainbat hiritako auzo elkarteekin batera Madrilen izan zen orain dela hilabete batzuk Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea, turismoaren problematikaren inguruan hitz egiten. “Ikusi genuen hiri asko daudela gure egoera berean; batzuek neurriak hartu dituzte, beste batzuk berandu iritsi dira”. Kezkatuta daude bizilagunak eta udalari hainbat proposamen egin dizkiote turismoa erregulatzeko. “Badakigu udala zerbait egin nahian dabilela, eta guk gure proposamenak helarazi dizkiogu”. Albisturrek ere azaldu du baduela udala lanean ari delako berri, baina ez du informazio askorik: “Gaia mahai gainean egongo da hurrengo hilabeteetan eta guk oposiziotik lanean jarraituko dugu”.
Azkonak azaldu du badakiela ez dela egoera erraza, izan ere, interes ugariren arteko talka dago: “Ostalariek edo turismoari begira lan egiten dutenek beste ikuspuntu bat dute, eta hor talka bat sortzen da”. Dena den, uste du auzotarrek lehentasuna izan beharko luketela: “Urte osoan hemen bizi garelako; gure zergak hemen ordaintzen ditugulako; gure hiria delako; gure bizimodua hemen eraiki dugulako. Askotan gure egunerokoa aldatzen da besteen eraginez, eta udalak gu babestea nahi dugu”.
Bizilagunen arteko talkaz ohartu da Albistur ere, horregatik PP turismoak zuzenean eragiten dien sektoreekin bildu dela azaldu du: “Auzo elkarteekin eta bizilagunekin bildu gara, baina baita pisu turistikoak eramaten dituzten enpresa eta jabeekin ere”. Uste du garrantzitsua dela denen ikuspuntua kontuan izatea.
Egin beharrekoak
Kezka dagoela ukaezina dela diote alderdiek eta bizilagunek. Hori dela eta, neurriak hartzea beharrezkoa dela uste dute. “Lehenik eta behin, udal ordenantza bete behar dute bai plataformek eta baita gainerakoek ere”, azaldu du Martinek. Salatu du pisu turistikoetako jabe gehienek ez dituztela etxebizitza turistei alokatzeagatik diru sarrerarik aitortzen, eta ez dutela gutxieneko zerga eginbeharra betetzen: “Zerga aitorpenaren eta betebehar fiskalen irregulartasunak direla eta, gure ustez, udal gobernuak etxebizitzak ixteko neurriak hartu behar ditu”.
Burutaranek ere uste du udalak ez duela behar bezala kontrolatzen etxebizitza hauek legea betetzen duten edo ez: “Salaketa bat jartzen badute orduan esku hartzen dute, baina bestela ez dute ezer egiten”. Uste du zerbait egin beharra dagoela: “Bestela gure auzoetako fisionomia aldatuko da”. Albistur ere bat dator udalak legea bete beharko lukeela esatean: “Ados, egia da turismo modelo berri baten aurrean gaudela, baina legea aspalditik dago eta betetzeko da”. Uste du bai udal gobernuak baita Eusko Jaurlaritzak ere neurriak hartu behar dituela oreka bat lortzeko: “Beharrezkoa da neurriak hartzea, turismo mota hau hiriarentzat beharrezkoa delako”.
Ildo berean, Vilesek uste garrantzitsua dela turismoaren kudeaketa azkarra egitea: “Turismoaren alde onak behar ditugu”. Dena den, azpimarratu du donostiarrek hiria beraiena sentitu behar dutela.
Pisu turistikoek hiriko alokairuak garestitzea ekarri dute. Naroa Mikelarena eta Garazi Zauzen testigantzak bildu ditugu.
Eneko Goia, Alkatea: “Turismoak bere alde onak eta neurtu beharreko ondorioak ditu”
Bizilagunek pisuak erregulatzeko proposamenak egin dituzte